Albisteak

EH Bilduk gogorarazi du Barbadoren eta Zelaiaren aurkako zigorrak muntaia polizial batean oinarritzen direla eta salbuespeneko auzitegi batek eta epaimahai partzial batek epaitu dituela


EH Bildu | 2021-02-02 17:05:00

Audientzia Nazionalak lau urteko espetxe zigorra ezarri dien Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteei elkartasuna adierazi nahi die EH Bilduk.

Barbado eta Zelaia zigortzeko probak muntaia polizial batean oinarrituta egin zirela gogorarazi du ezker subiranistak, eta gogora ekarri du Ertzaintzak parte hartze zuzena izan zuela muntaia polizial horren prestakuntzan.

Halaber, Auzitegi Nazionalak zigortu ditu Arabako bi gazteak; hau da, denboraz eta lekuz kanpo dagoen salbuespenezko epaitegi batek zigortu ditu, gure herrian bizi dugun egoera politikoarekin zerikusirik ez duena. Muntaia polizial baten oinarritutako frogak eta salbuespenezko epaitegi batean epaituak izatea nahikoa ez, eta Barbado eta Zelaia epaitu dituen epaimahaia Bateragune auzian agertutako partzialtasunagatik zigortu du berriki Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak.

Gure herria bakea eta bizikidetza eraikitzeko lanean murgilduta dago. Euskal gizartearen gehiengo handi bat ildo horretan urratsak ematea eskatzen ari da. Bi euskal gazte horien aurkako zigorrak, muntaia polizial batean oinarrituta eta salbuespenezko auzitegi partzial batek emanda, ez du batere laguntzen euskal gizarteak eskatzen duen bakearen eta bizikidetzaren eraikuntzan.