Albisteak

EH Bilduk eta EH Baik Kanaky-Kaledonia Berriko hiritarrak zoriondu nahi ditugu ariketa demokratiko hau arrakastaz burutzeagatik


EH Bildu | 2020-10-05 14:30:00

Atzo iragan da Kanakian, independentziaren aldeko bigarren erreferenduma. Baiezkoaren aldeko bozka garaile atera ez bada ere, 2018an egindako lehen erreferendumatik emaitzak hobetu direla nabarmendu dezakegu. 2018an, baiezkoaren aldekoek, bozen %43,33a lortu zuten, aurten aldiz %46,74a. Parte hartzean ere, 4,7 punduko gorakada ezagutu dute.

EH Bilduk eta EH Baik Kanaky-Kaledonia Berriko hiritarrak zoriondu nahi ditugu ariketa demokratiko hau arrakastaz burutzeagatik.

Modu berean UC/FLNKS eta mugimendu independentista zabal, barneratzailea zoriondu nahi ditugu, baldintza zail hauetan emaitzak hobetzeagatik. Argi dago gero eta hiritar gehiagok ikusten duela estatu izateak ematen dituen tresnen ezinbestekotasuna, jendearen bizitza hobetzeko eta gutxieneko baldintza duinak bermatzeko. Azpimarratzekoa da ere, halaber, autoktonoak bizi diren sektore geografikoetan, independentziaren aldeko botoak, %80a ordezkatzen duela.

Gogora ekarri nahi dugu elkarrizketa, negoziazio eta akordioaren ondorioa dela erreferendum hau eta Kanaky-Kaledonia Berriko herriak berriro bere autodeterminaziorako eskubide besterenezina egikaritu duela.

Emaitza hauek 2022an erreferendum berria egiteko baldintzak ezartzen dituzte eta alderdi independentistek badute hori eskatzeko zenbakiak parlamentuan. Emaitzek Kanakiar mugimendu soberanista egoera ezin hobean kokatu dute 2022an erabateko burujabetza eskuratzeko eta munduko gainontzeko estatuekin mahai inguruan batzeko.

EH Bilduk eta EH Baik lanean jarraituko dugu, honek ematen digun indar berriekin, Kanakyrekin eta gainontzeko munduko herriekin elkartasunez, euskal herritarrok ere gure estatua izan dezagun eta Kanakyrekin, Eskoziarekin, Catalunyarekin, Irlandarekin eta munduko gainontzeko estatuekin dagokigun lekua izan dezagun.

Zorionak Kanaky!