Albisteak

EH Bilduk dio Torraren gaitasungabetzeak agerian uzten duela Espainiako Estatuan ez garela demokrazia oso batean bizi


EH Bildu | 2020-09-29 07:56:00

EH Bilduk gogor salatu nahi du Quim Torra Generalitateko presidentea gaitasunik gabe uzteak oinarrizko printzipio demokratikoei egiten dien erasoa. Tamaina honetako erabakia, herritarrek demokratikoki aukeratutako presidente bat kargu gabe uzteak dakarren garrantzi handiarekin, Kataluniako herritarrek adierazitako borondatearen aurkako kolpe demokratikoa da. Auzitegi Gorenak hartutako erabakia oso larria da, eta agerian uzten du Espainiako Estatuan ez garela demokrazia oso batean bizi. Hori dela eta, EH Bilduk Quim Torra presidenteari eta Kataluniako herritar guztiei elkartasuna eta babesa adierazi nahi die.

Espainiako Estatuak Kataluniako gizarteak hartutako erabaki demokratiko baten aurka egitea ez da berria. Generalitateko presidenteak eta Kataluniako Gobernuko beste kargu publiko batzuekin izandako jokabidea bakarrik kontuan izanda, Espainiako Estatuak Kataluniako gobernu oso bat kargugabetu zuen, Carles Puigdemont presidentea eta Oriol Junqueras presidenteordea barne, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuta. Gero, gatazka politiko bat judizializatu zuen, Fiskaltzaren bidez akusazio oso larriak aurkeztuz Kataluniako herritarrek demokratikoki aukeratutako ordezkari publiko nagusien aurka. Kataluniako ordezkari politiko gorenei ere galarazi zien hauteskundeetara aurkeztea. Beraz, jarrera guztiz autoritario eta antidemokratiko horiek agerian uzten dute Espainiako Estatuaren izaera atzerakoia.

Torra presidentearen kasuan, aipagarria da akusazioen artean dagoen erabateko desproportzioa eta ezarritako zigorra. XXI. mendeko Europan, harrigarria da herritarrek demokratikoki aukeratutako gobernu-presidentea desgaitu izana pankarta bat kentzeari uko egite hutsagatik. Hau bezalako astakeria juridikoek eta oraintsuko beste batzuek agerian uzten dute Kataluniako independentistek, euskaldunek eta galegoek justizia gutxi espero dezakegula Espainiako Justiziarengandik.

Amaitzeko, eh Bilduk dei egiten dio oinarrizko printzipio demokratikoak sinesten eta defendatzen dituen euskal gizarteari gure herrian dei daitezkeen mobilizazioetan gertaera hau salatzera.