Albisteak

EH Bilduk dio Moriako pertsona errefuxiatuen esparruan izandako suteak Europako Batasunaren erantzun irmoa eta berehalakoa eskatzen duela


EH Bildu | 2020-09-09 15:34:00

Bart gauean sute handia izan da Moriako errefuxiatuen esparruan, eta ia erabat kiskali da. 3.000 pertsona hartzeko gaitasuna duen esparru honetan, 13.000 pertsona errefuxiatu inguru egoera latzean bizi ziren.

Ondorioz, milaka pertsonak esparru horretan eta inguruan zuten apurra galdu eta ihes egin behar izan dute. Poliziak errepidea blokeatu du irlako hiriburua den Mitilinira joatea eragozteko. Hori guztia, Covid 19k eragindako osasun-larrialdi globalaren ondorioz, errefuxiatu esparruko bizi-baldintzak okertu egin direnean eta birusak 80 pertsona inguru isolatuta dituenean.

Honi, Greziako gobernuak legeak gogortu eta poliziaren kontrol handiagoa izan duen azken hilabeteetako egoera, eskuin muturrak iheslariei eta Gobernuz Kanpoko Erakundeei (Zaporeak Proiektuari esaterako) egindako erasoei eta EBk arlo horretan izan duen axolagabekeriaria gehitu behar zaio. Ondorioz, pertsona errefuxiatuen giza eskubiden urraketa sistematikoak eta egoeraren larritasunak, nazioarteko zuzenbidean oinarritutako erantzun irmoa eta berehalakoa eskatzen du.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk elkartasuna adierazten die pertsona errefuxiatuei, beren eskubideen urraketa sistematikoaren aurrean, muturreko prekarietatera edo hiltzera kondenatzen baititu Mediterraneo itsasoan dagoen hobirik handienean, osasun publikoak berebiziko garrantzia duen testuinguru batean.

Uste dugu beharrezkoa dela gertatutakoa argitzea eta pertsona guztiak, haurrei arreta berezia eskainiz, EBko kide diren herrialdeetara lekualdatzea, osasun berbe guztiekin beraien oinarrizko eskubideak betetzeko.

Europako erakundeei eskatzen diegu asiloaren arloko Nazioarteko legedia betetzen dela bermatzea Genevako Konbentzioan agertu bezala eta baita giza eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide arloko hainbat itunetan ere. Inolako bazterketarik gabe pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatuak izan daitezen. Era berean, Europako erakundeei eskatzen diegu Europar Batasunak Turkiarekin eta beste batzuekin egindako akordio kriminalak bertan behera uzteko.

Era horretara, EH Bilduk ekimen instituzionalak erregistratuko ditu.