Albisteak

EH Bilduk bulego estrategiko bat sor dezala eskatu dio Jaurlaritzari Europako funtsak kudeatzeko


Muturreko egoera honetan Europako funtsek berebiziko garrantzia dute eta behar-beharrezkoa da, beraz, eragile interesdun guztiak barne hartuko dituen elkarrizketa prozesu bat abiatzea, funtsak euskal errealitatera egokitzeko eta ahalik eta adostasun maila handiena lortzeko.

EH Bildu | 2020-10-06 12:55:00

Pandemiak eragindako krisialditik eratorri diren erronka sozial eta ekonomikoei aurre egin ahal izateko Europar Batasunak bideratuko dituen funtsek izango duten garrantzi handiaz jabeturik, EH Bilduk horren inguruko hausnarketa estrategikoa sustatu nahi du, Jaurlaritzak funts horiekin finantzatzeko prestatu duen proiektuen zerrendan bistakoa baita ez dagoela ez ikuspegi estrategikorik, ez herri ikuspegirik, ez lurralde kohesiorik. Hori dela eta, Mikel Oterok mozio bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean Urkulluren Gobernuari eskatzeko bulego estrategiko bat sor dezala Europako funtsak kudeatzeko. Proposamena bat dator, hain justu, Europar Batasunak berak eginiko eskariarekin: “garrantzitsuak diren alderdi interesdun guztiak barne hartuko dituen elkarrizketa politiko zabal bat abian jartzea” funtsen erabilera erabakitze aldera.
Oteroren esanetan, “datozen urteetako inbertsioak baldintzatuko dituen prozesu baten aurrean gauden neurrian, muturreko egoera ekonomiko eta sozial baten aurrean gauden neurrian eta herri gisa erronka historikoen aurrean gauden neurrian, funts hauekin abiatu behar diren proiektuen inguruko hausnarketa estrategiko bat eta prozesu garden bat guztiz beharrezkoak dira, ahalik eta kontsentsu maila handiena lortze aldera”. Hala, Jaurlaritzari eskatutako bulego estrategiko horrek “elkarrizketa eta akordio politikorako prozesua ahalbidetuko luke sindikatuekin, enpresa-munduarekin eta beste antolakunde ekonomikoekin, alderdi politikoekin, unibertsitateekin eta beste eragile esanguratsu batzuekin, Europar Batasunak ezarritako marko orokorra euskal errealitatera egokitzeko, helburuak eta metodologiari dagokienez”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, bulegoak hausnarketa estrategikoa eta eztabaida politikoa bermatuko lituzke Europako funtsekin finantzatu beharreko proiektuei buruz, “gizarte gisa ditugun erronkei heltzeko eta 2030ean irudikatzen dugun Euskal Herria hemen eta orain gorpuzteko”. Halaber, informazioa eta laguntza teknikoa emango lizkieke administrazio eta bestelako erakundeei proiektuak bideratzeko, administrazioen eta eragile sozial eta ekonomikoen ekarpenak jaso, eztabaidatu eta sailkatzeko mekanismo argi bat eskainiko luke eta Europako funtsekin finantzatutako proiektuen jarraipena egingo luke, “ustelkeria ekiditeko eta funtsen erabilpen egokia bermatzeko”.