Albisteak

“Datu objektiboek ez dute osasun murrizketak lausotzea gomendatzen”, ohartarazi du Iriartek


EH Bilduren bozeramaileak murrizketek kaltetutako sektore ekonomikoei laguntzeko inbertsio publikoa indartzeko eskatu dio Urkulluri. Argitasuna eskatu du, kutsatzeei buruzko datuak oso arduragarriak direlako eta neurri murriztaileak arintzea ala ez ezin delako egutegiaren menpe egon.

EH Bildu | 2020-12-11 11:25:00

Maddalen Iriarteren iritziz, koronabirusari buruzko datu objektiboak oso arduragarriak dira eta ez dute osasun murrizketak lausotzea gomendatzen, herenegun LABIk hartutako erabakien kontrara. Izan ere, EH Bilduren bozeramaileak Urkulluri gogorarazi dionez, azken hiru asteotan kasu positiboen indizea %5,2 eta %7 artean egon da, Osasunaren Mundu Erakundeak %4 ez gainditzea gomendatzen duenean, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan heriotza tasa munduko altuenetariko bat da. Gainera, 100.000 biztanleko 300 positibora jaistea izan zen lehendakariak berak ezarri zuen helburua, baina hori ere ez da lortu oraindik.
Hala eta guztiz ere, datuak “oso arduragarriak” izan arren, LABIren aholku batzordeak bihartik aurrera neurriak arintzea erabaki du. Horri erreparatu dio Iriartek Urkulluri argitasuna eskatzeko, Jaurlaritzak hartzen dituen neurriak egoeraren larritasunarekin bat etor daitezen. “Ez da nahikoa herritarrei arduraz joka dezaten dei egitea; marko argi bat, kopuru argiak eta egitasmo argiak ere eskaini behar zaizkie. Europa osoan oso arriskutsutzat hartzen diren datuak ezin ditugu hemen ontzat eman. Murrizketak ezin dira ezarri ala bertan behera utzi aldez aurretik finkatutako irizpide argiak eduki gabe, eta erabaki horiek ezin dira Gabonen, Aste Santuaren edo egutegiaren menpe egon, ezta Jaurlaritzaren unean uneko interesen menpe ere”.
Halaber, Iriartek azpimarratu du murrizketak ez direla aski pandemiari aurre egiteko. Horren haritik azaldu duenez, premiazkoa eta ezinbestekoa da inbertsio publikoa handitzea gehien kaltetutako sektore ekonomikoei, ostalaritzari kasu, laguntzeko eta, hein berean, osasungintza indartzeko, osasun sistema larrialdi egoerak eskatzen dituen baliabideez hornitzeko.