AKTUALITATEA


| 2019-06-24 08:59:00

Legealdia hasi eta berehala PNVren lehenengo jukutria jasatear gaude. Udalak antolatzeko udalbatzarretan Uribe Kostako Mankomunitatean herri bakoitzari dagozkion ordezkariak ere banatu egiten dira, 15 ordezkari, zehazki, (Barrika 1, Berango 3, Gorliz 3, Lemoiz 1, Plentzia 2, Sopela 3 eta Urduliz 2). Azken bi legealdietan, atzerago ez jotzearren, bidegabekeria bera gauzatu dela esan behar dugu, alegia, PNVk egokitzen zitzaizkionak baino ordezkari gehiago izan dituela eta beti, EH Bilduren kaltetan. Jasotako botoak kontuan hartuta, PNVk izan behar zituenak baino ordezkari gehiago izan ditu eta EH Bilduk gutxiago. Aurreko legealdian, adibidez, PNVk 8 ordezkari bereganatu zituen (7 egokitzen zitzaizkion) eta EH Bilduk 3 (lau izan behar zituen). Hori guxi balitz bezala, PNVk Berangoko ordezkarietako bat PPri ematea erabaki zuen, mankomunitatean PPk zeun zinegotzi bakarrari, alegia.

Udalbatzarrak egiteko egun gutxi falta direnean, PNVk jakitera eman ditu bere asmoak zenbait herritan, eta argi utzi du hauteskundeetako emaitzek berdin diela eta oposizioa mespretxatu egiten duela. Izan ere, Urdulizen eta Berangon ordezkari guztiak eskuratzeko asmoa azaldu du; gainerako herrietako alkateak (PNVkoak denak) ere ordezkari direla kontuan hartuta, 10 ordezkari bereganatuko lituzke. Horren ondorioz, zazpi herriei zerbitzu ematen dien mankomunitatean ez da pluraltasun politikoa bermatuko eta haren funtzionamendua are ilunagoa bihurtuko da. Mankomunitateko herrietan aukera politiko bakoitzak ateratako botoen arabera, ordezkarien banaketa hau izango litzateke: PNV 7, EH Bildu 5, EP 1, PSE 1, Ind. Gorliz 1.

PNVk , lehenengo unetik, nagusikeriaz jokatzea eta oposizioari ahalik eta oztopo gehien jartzea erabaki du. Adeitasun instituzionalari dagozkion formak ere ez ditu zaindu ere egin. Uribe Kostako EH Bilduk (Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko EH Bildu) PNVren jarrera antidemokratiko eta harroputza salatu nahi dugu, bai eta hauteskundeetako emaitzei errespetua eta Mankomunitateko ordezkarien banaketa proportzionala eskatu ere. Berriz ere, PNVri gogorarazi behar diogu gure herriak eta gure mankomunitatea ez direla batzokiak. Zuzentzeko astirik badute oraindik ere.