AKTUALITATEA


| 2019-12-03 10:48:00

Nafarroaren Eguna ospatu aurreko egunotan hainbat adierazpen eta jarrera politiko izan ditugu, Espainiako Estatuko botereek eta Nafarroan dituzten ordezkaririk atzerakoienek abiarazi nahi duten atzerakada antidemokratikoaren erakusgarri.


EH Bildutik Nafarroaren Egunaz hitz egiten dugunean, Nafarroako herritar guztien egunaz ari gara, Nafarroan bizi eta lan egiten dugun pertsona oroz ari gara. XXI. mendean oinarrizkoa izan beharko lukeena Nafarroa Suma bezalako indar politikoek ukatzen dute berriz ere. Nafarroako izaera ideologia politikoaren edo jatorrizko lekuaren arabera banatzen dute. Nafarroa Sumaren ustez, Madrilgo aginduak onartzen ez dituztenak ez dira nafarrak. Nafarroaren eta Espainiaren arteko harreman esparrua zalantzan jartzen duten pertsonak ezin dira nafar sentitu, hain zuzen ere, erabaki guztiak hemen hartu behar direla eta Nafarroako herritarren artean erabaki behar dugula pentsatzen dutenak ez lirateke nafarrak...


Joan den maiatzean ezarritako helburuetatik urrun geratu eta Navarra Suma Madrilen merkadeoan ari da, Nafarroako Gobernua kontrapartida gisa eskaintzen.


Denbora asko daramagu ozen eta argi esaten nafarren etorkizuna nafar jendarteak amestu, erabaki eta eraiki behar duela. Urteak daramatzagu erakusten gure konpromisoa Nafarroako herritarrei hitza emateko, beraiek eta beraiek bakarrik, erabaki dezaten beraien bizi-baldintzetan eragina duen guztia. Urteetako konpromisoa Nafarroako erakundeei eskumen subiranoak emateko, bizitza ekonomiko, sozial, kultural, linguistikoaren arlo guztietan politika propioak eraiki ahal izateko. Hori da hemen, EAEn, Madrilen eta behar den tokian defendatzen duguna. Gure ideia-ardatza horixe delako, pertsona gisa, nafar gisa, gizarte eredu justua eraiki nahi duen erakunde politiko eraldatzaile gisa.


Tresnak eta gaitasunak behar ditugu gure errealitate propiotik aurrera egiteko, gure errealitate sozial, kultural eta ekonomikotik etorkizuneko erronka handiei erantzun ahal izateko. Krisi ekonomikoaren oldarraldi berriarena da, edo klima aldaketarena, iraultza teknologikoarena edo trantsizio energetikoarena. Arazo horiek jatorri globala dute, baina erantzuteko moduak bertako ekimena eta iniziatibak behar ditu, eta ikuspegi eta misio propioak behar ditu, giza-dimentsioaren esparrutik. Espainiako Estatuaren noraeza autoritarioaren aurrean, errepresioaren eta indarkeria mota guztien bidetik uniformizatzeko joeraren aurrean gure ekimenak abian jartzeko erronka eta premia dugu. Frankismotik eratorritako lurralde-arazo eta 78ko konstituzio-erreforma ordena publikoari dagokion arazo soiltzat kokatu nahi duen inboluzioaren aurrean gaude.


Identitateez ere hitz egin behar da, eta hasteko esan behar da Nafarroako jendartea anitza dela. Sektore jakin batzuen obsesio euskarofobikoek Nafarroako jendartearen karikatura baten araberako banaketa egin nahi dute aniztasun horretan. Baina argi dago euskara Nafarroaren eta nafar nortasunaren elementu zentrala dela.


Nazkatuta gaude zer eta nola sentitu behar dugun esaten digutelako, zer pentsa dezakegun eta zer ez, zer garen edo zer izateari utzi behar diogun esaten digutelako. Galde diezaguten nahi dugu, geure erantzunak eman, gure bizitzaren eta gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu.


Ondo dago pasatutako 40 urteak gogoratzea, are ulergarria da interes ezberdinei erantzuteko historia berridazteko saiakerak egotea. Baina izan gaitezen objektiboak, egia absoluturik ez badago ere. Nafarroako herritarrok oraindik ez dugu erabakitzeko aukerarik izan, eroso sentitzeko eta gure gaitasun guztiak hedatzeko bizikidetza-esparruan. Nafar jendarteak ez zuen LORAFNA berretsi, baina hala izan balitz ere, edo hurrengo hauteskundeak berresteko modu bat izan zitezkeela uste zuenik badago ere, egia da trantsizioko urte haietan Nafarroako jendartearen gehiengo handi bat ez zela jaio edo ez zuela oraindik boto-eskubiderik. Logikoa litzateke esparru politikoak, erabakiak hartzeko esparruak edota bizikidetza-esparruak XXI. mendeko beharrei eta errealitateari erantzutea, eta ez joan den mendekoei.


Horregatik, eztabaida lasai eta sakon bati ekiteko beharra planteatzen dugu, Nafarroak Espainiarekin duen harremanari buruz, gainerako euskal lurraldeekiko harremanei buruz, Nafarroaren eskumen-esparruari buruz, lehen aipatutako arazoei eman beharreko erantzunak artikulatzeko ahalmenari buruz. Eztabaida hori oinarrizko printzipio batean oinarritu beharko litzateke, hots, Nafarroaren etorkizuna Nafarroan erabakitzen dela. Horregatik, abenduaren 3 honetan, Nafarroaren Egunean, subjektu politikoa garela eta gure erabakiak hartzeko eskubide eta ahalmen hori aitortuta izan behar dugula adierazten dugu berriro ere. Ez dugu inoren esku-sartzerik, trabarik edo inposaketarik onartzen.