AKTUALITATEA


| 2019-12-19 15:00:00

EH Bilduk proposamen sorta aurkeztu du Legebiltzarrean hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen eskubideak babestu eta bermatze aldera, familiek beraiek arreta falta salatu baitute Legebiltzarrean bertan. Familien ordezkarien azalpenak aintzat hartuta, Rebeka Uberak hiru legez besteko proposamen erroldatu ditu, besteak beste, Hezkuntza Sailak ikasle horiei dagozkien laguntzei buruzko informazio-gida argitaratu eta familien artean zabal dezan. Premia bereziak dituzten ikasleen eskubideen aldeko Lagundu NEE Euskadi elkarteak informazio falta eta diskriminazioa salatu du gaur bertan.
Informazio-gida ez ezik, protokolo bat ere zehazteko eskatu dio Hezkuntza Sailari, ikasleen familien, ikastetxeen eta Berritzeguneen arteko komunikazioa eta harremana hobetzeko, betiere inplikaturiko eragileen parte-hartzea bermaturik. Halaber, premia bereziak dituzten ikasleen beharrei egoki erantzun ahal izateko, Berritzeguneetatik baliabide gehiago bidera ditzala galdegin dio, bai eta espezialisten presentzia berma ditzala ere derrigorrezko hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.
EH Bilduren hirugarren proposamena Lanbide Heziketan zentratzen da, Hezkuntza Sailak premia bereziak dituzten ikasleen arretarako zerbitzu bat abian jar dezan eta, enpresekin elkarlanean, egokitzapen neurriak har ditzan ikasle horiek enpresetan praktikak egiteko edota Lanbide Heziketa dualean parte hartzeko.