AKTUALITATEA


| 2019-04-23 19:54:00

~~Kanpainak aurrera egin ahala gauzak gero eta argiago daude, Arnaldo Otegiren iritziz. Gaur arratsaldean Altsasun esan duenez, datorren igandean hautu argia da EAEn zein Nafarroan egin beharrekoa: “edo EH Bildu edo eskuin espainolak, horixe da jokoan dagoen partida”. Batetik, inboluzio demokratikoa eta oinarrizko eskubide eta askatasunak murriztea dakarren trifatxitoa; bestetik, aurrez aurre, ezkerreko subiranismoa, autodeterminazioaren eta justizia sozialaren bidean aurrera egitea proposatzen duena, hain zuzen ere. “Nafarroan, gainera, Bel Pozuetaren hautagaitza hautu politiko bat baino gehiago da, Bel Pozuetaren hautagaitza politikatik harago doa, injustiziaren aurkako borroka eta duintasuna ordezkatzen duelako. Belek Euskal Herriko gazte eta guraso guztiak ordezkatzen ditu; horregatik, boto bat ere ezin da alferrik galdu, EH Bilduk diputatua ateratzea trifatxitoari kentzea delako”.
EH Bildu indartsu sartu da kanpainaren azken txanpan, esan du koordinatzaile nagusiak. “Aberri Egunean argi geratu zen Iruñean, milaka lagun bat eginda, eta telebistako eztabaidan ere erdigunean kokatu gaituzte, gauzak ondo egiten ari garen eta gure diagnostiko politikoa zuzena den seinale”. Horren ildotik adierazi duenez, “EH Bilduk aliantza politikoak zabaltzeko gaitasuna izan du eta, hauteskunde hauetatik kanpo nahi gintuzten arren, gezur eta iseken gainetik proposamenak egiten ari gara eta benetako alternatiba bilakatu gara eskuin espainolen trifatxitoari aurre egiteko eta egungo egoera politikoa eraldatzeko. Gainerako alderdien aldetik inork ezin du aldaketarik espero, eroso daudelako egungo statu quo egoeran”.
Bel Pozueta: “Riveraren eskutik, UPNk nabarrismoa alde batera utzi du”
Otegik bezala, Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak ere atzo gaueko eztabaida izan du hizpide, eta salatu du “nola berriz ere Altsasu iraintzeko erabili zuten Riverak eta Casadok eta nola emakumeak ahotsik gabe utzi gintuzten”. Horri jarraituz, Bel Pozuetak ohartarazi du Ciudadanoseko buruzagi eta UPNren aliatu Albert Rivera argi mintzatu zela autonomiak murriztearen eta birzentralizazioaren alde, eta ondorioztatu du UPNk, Ciudadanosekin bat eginik, nabarrismoa bazter utzi duela. “Eskuinek Nafarroako autogobernua bertan behera utzi eta gobernadore zibilen garaira itzuli nahi dute eta, horretarako, ez zaie axola Europako alderdirik ustelenarekin, eskuin muturrarekin eta betiko frankistekin bat egitea”. Mehatxu horren aurrean, Pozuetak bermatu du “Nafarroa nafarrok nahi duguna izango dela, guztion artean erabakitzen duguna”, eta horretarako eskatu du botoa, “aldaketak, feminismoak eta justizia aldarrikatu duen Nafarroak ahotsa izan dezan Kongresuan”.