AKTUALITATEA


| 2019-07-23 13:08:00

EH Bilduk 2016-2017 Lan Eskaintza Publikoan ateratako mediku espezialisten ebazpen prozesua kautelaz eteteko eskatu dio berriz ere Osasun Sailari, ospitalez kanpoko pediatria eta familia medikuena izan ezik, oraindik zabalik dagoen oposizioei buruzko ikerketa amaitu arte. Rebeka Uberak adierazi duenez, “zentzugabea da lanpostuak esleitzeko prozesuan aurrera egitea, agian ikerketa horren ondorioz hainbat erabaki atzera bota beharko direlako, eta horrek prozesua eteteak baino kalte handiagoa egingo luke; bai Osasun Sailak, bai Osakidetzak hori kontuan hartu eta zuhurtziaz jokatu beharko lukete, beraz”.
Hori dela eta, Uberak eznahikotzat jo du Osasun Sailak lanpostuen esleipena zortzi kategoriatan paralizatzea. “Ez da nahikoa, ez eta koherentea ere. Batetik, Osakidetzak egin zuen barne-ikerketaren arabera, hiru kategoriatan izan ezik oposizioak garbiak izan direlako guztiz, eta hala bada, zergatik paralizatu ditu zortzi? Eta bestetik, 11 kategoria direlako Gasteizko epaitegi batean ikertzen ari direnak; hau da, 11 dira susmopean daudenak, baina zortzi bakarrik eten ditu Osasun Sailak; ez da batere koherentea”.
Horren haritik, Uberak gogora ekarri du EH Bilduk oposizioetako ebazpen prozesua espezialitate guztietan kautelaz etetea eskatu zuela maiatzean, “eta EAJ horren aurka agertu zen, gure proposamena araubidearen kontra zihoala argudiatuz eta, gelditzekotan, barne-ikerketan irregulartasunak azaleratu ziren kategoriak bakarrik geldi zitezkeela esanez”. Orain, ordea, Osakidetzak zortzi kategoriatan paralizatu du prozesua. “EH Bilduren proposamena legezkoa zela aitortu du praktikan eta, aldi berean, agerian utzi du Osasun Sailean gezurretan eta noraezean ari direla”.