AKTUALITATEA


| 2020-05-05 16:11:00

EH Bilduk autonomoei laguntzeko proposamen zehatza eramango du Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrera, Iker Casanovak iragarri duenez, pandemiaren ondorioz sektorearen egoera kritikoa dela iritzita. “Milaka lanpostu kolokan daude eta arazoa areagotzen ari da Jaurlaritzaren gaitasun politiko faltagatik, Jaurlaritza ez delako neurriak hartzeko gai izaten ari. Urkulluk autonomoak abandonatu ditu. 50 egun pasa dira alarma egoera ezarri zenetik eta milaka langile autonomo lanik eta diru-sarrerarik gabe geratu dira merkataritzan, ostalaritan eta turismoan, eta sekulako porrota izan ziren 3 milioi eskas haietako laguntzetatik harago, Lakuako Gobernua oraindik ez da gai izan neurri zehatz bat ere aktibatzeko sektoreari laguntzeko”.

Laguntza eraginkorrak bideratu ezean milaka lanpostu eta negozio desagertuko direla ohartarazi du Casanovak eta, hori hala izan ez dadin, proposamen zehatza egin du, “Nafarroan indarrean sartu diren autonomoentzako dirulaguntzak aktibatzea”, hain zuzen. Halaxe proposatuko du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean, Jaurlaritzak 2.200 euroko laguntza eman diezaien jarduera eten behar izan duten autonomoei. Casanovak zehaztu duenez, laguntza 700 eurokoa litzateke osasun krisiaren ondorioz fakturazioan gutxienez %30eko murrizketa pairatu duten autonomoen kasuan. “Nafarroan hala egin dute, EH Bildurekin adostuta, eta hango Gobernuan dauden alderdiak dira, hain justu, Lakuan daudenak; beraz, han egin dutena hemen ere egiteko borondate politikoa baino ez da behar”.

EH Bilduren proposamena harago doa, dena den. Legez berriro irekitzeko baimena izan arren, negozio askok une hori ekonomikoki bideragarriak izan arte atzeratu beharko dutela jabeturik, Casanovak autonomoentzako babes-neurriak luzatzeko eskatu du, hala nola kuotak etetea, atzerapenak eta hobariak, normaltasunera itzuli bitartean. “Laguntzak moztu gabe, autonomoei itxita jarraitzeko aukera eman behar zaie, egoera guztiz normalizatu bitartean”.

Halaber, EH Bilduk beharrezkotzat jo du Jaurlaritzak Lan Autonomoaren Euskal Mahaia sortzea, instituzioekin eta sektoreko eragileekin batera lan autonomoa estrategikoki babesteko plan integral bat diseinatzeko.