AKTUALITATEA


| 2020-03-27 19:19:00

EH Bilduk ezinbestekotzat jo du Legebiltzarrak Zuzenbide Estatu batean dagozkion ahalmen eta funtzio guzti-guztiak berehala berreskuratzea, eta haren jarduera galarazten saiatzea egotzi die EAJ eta PSEri. Urkullu lehendakariaren agerraldia dela eta Diputazio Iraunkorraren funtzionamenduari buruz ireki den eztabaidak agerian utzi du, EH Bilduren iritziz, EAJ eta PSEren helburua Legebiltzarra blokeatzea dela eta, horrela, oposizioa bera ere blokeatzea, bai larrialdi egoera honetan behar diren proposamenak bideratu eta eztabaidatzeko ate nagusia itxita, bai Jaurlaritza gutxiengo parlamentariotik hartzen ari den neurriak fiskalizatzeko bideak bertan behera utzita. Bistakoa da errotik moztu nahi dutela Urkulluren kudeaketa ezbaian jar litekeen edozein ekimen, Urkullu bera blindatzeko eta propaganda eta publireportajeak egiten jarraitu ahal izateko.

Ezohiko egoera honek ezin du ekarri inondik inora ez Gobernuaren gaineko kontrol demokratikoa desagerraraztea, ez eta talde parlamentarioen ekimen politikoa eragoztea ere, baina, tamalez, horretan ari dira egunotan EAJ eta PSE. Guztiz antidemokratikoa da talde politikoei proposamenak mahai gainean jartzeko aukera lapurtzea eta Jaurlaritza kontrolatzeko mekanismoak ezabatzea. Antidemokratikoa eta, egoera honetan, arduragabea, egoera honek auzolana eskatzen duelako, guztiok indarrak batu eta elkarlanean aritzea, krisialdi tragiko honetatik ateratzeko guztion lana eta ekarpena izango direlako beharrezko. Euren irudi publikoa kalteturik aterako ote den beldur, interes alderdikoiak soilik lehenesten dituztenak dira horretaz jabetzen ez diren bakarrak.

Hori horrela, datorren astean, bertako zerbitzu juridikoen txostena jaso bezain laster, Legebiltzarrak une honetan galduta dituen funtzio guztiak, legegileak barne, berehala berreskuratzea exijituko du EH Bilduk, derrigorrezkoa eta premiazkoa delako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren borondate demokratikoa ordezkatzen duen instituzioak egungo egoerak eskatzen dituen neurriak eztabaidatu eta adostea. Tamaina honetako krisi batean, gure belaunaldiak ezagutu ez duena, Legebiltzarra ezin du desagerturik jarraitu.