AKTUALITATEA


| 2019-12-26 11:16:00

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Haurreskolak Partzuergoan doakotasunaren bidean beste aurrerapauso bat emateko. Jaurlaritzak EH Bilduk berak behin baino gehiagotan egindako eskaria iaz onartu zuen azkenean eta, hala, haurreskolak doakoak dira 2019ko urtarrilaz geroztik 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat, baina orain, Rebeka Uberaren iritziz, “beste urrats bat eman behar dugu, doakotasuna 24.000 eurotik beherako errentetara hedaturik”. Zehazki, koalizioak proposatu du 2020-2021 ikasturtetik aurrera haurreskolak doakoak izatea 24.000 eurotik beherako errenta duten familientzat, “betiere ahaztu gabe azken helburua erabateko doakotasuna dela”, Uberak zehaztu duenez.
EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “hezkuntzan 0-3 urteko zikloa funtsezkoa da eta bertan doakotasuna hedatzeak kontziliazio politiketan, aukera berdintasunean eta kohesio sozialean sakontzea ekarriko du”.