AKTUALITATEA


| 2019-05-07 16:48:00

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas-Jardueren Legearen garapenaren baitan txoko eta elkarte gastronomikoei eta gazteen lokalei ezarri dien debekua bertan behera utz dezala. Izan ere, Lakuak onartu duen dekretuaren arabera, ez gazteen lokalak ez elkarte gastronomikoak ezin dira erabili 01:00etik aurrera, eta horrek, Josu Estarrronak ohartarazi duenez, “sekulako arazoak sortzen dizkio txoko eta lokal horietako milaka erabiltzaileei, ordutegi hori bete ezean, isunak eta salaketa administratiboak jaso ditzaketelako”. Bere hitzetan, “Urkulluren Gobernuak ezarritako debeku horrek ez du ez hankarik ez bururik, arazo bat sortu duelako inolako arazorik ez zegoen leku batean; ez du inolako zentzurik”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1.500 elkarte gastronomiko baino gehiago daude eta 62.000 gazte inguruk erabiltzen dituzte lonjak aisialdian, Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera. Gazteen lokalei buruz Arartekoak esana ere ekarri du gogora Estarronak, “Arartekoak berak aitortu duelako errealitate hori positiboa eta baketsua gertatu dela kasurik gehienetan eta, taberna edota diskoteken aldean, gatazka gutxi sortzen dutela eta, beraz, oso mugatua izan behar izan da administrazioen esku-hartzea jarduera hori kontrolatzeko”.
Legebiltzarkidearen iritziz, “Jaurlaritza arazo bat sortzen ari da arazo orokortu bat ez dagoen lekuan, ezin da horrelako debeku orokor bat ezarri gehiengoaren kalterako arazo eta kasu zehatz gutxi batzuengatik”. Hori dela eta, 01:00etik aurrerako debekua bertan behera uzteko eskatzeaz gain, EH Bilduk Lakuari galdegiten dio ordutegiak zehazten dituen erregelamendua adostu dezala Eudelekin, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin eta Elkarte Gastronomikoen ordezkariekin, betiere interes ezberdinak uztartuz, segurtasuna bermatuz eta pertsona guztien atseden hartzeko eskubidea errespetatuz.