AKTUALITATEA


| 2019-12-11 15:48:00

EH Bilduren legez besteko proposamena aintzat hartuta, Legebiltzarrak Plentziako portua eta itsasadarra berrantolatzeko proiektua behin-behinean gelditzeko eskatu dio gaur Jaurlaritzari, “herrian zalantzak eta ezinegona sortu baititu, bestek beste, proiektuak berak ez dituelako hainbat agertoki aurreikusten”, Maider Otamendik ohartarazi duenez. Podemosek eta PPk bat egin dute EH Bilduren proposamenarekin eta EAJ eta PSE kontra agertu dira.
Gehiengo parlamentarioak adostutakoaren arabera, proiektua martxan jarri aurretik, Gobernuak portuaren, bokalearen, itsasadarraren eta inguruaren garbiketa, babesa eta zaintza bermatu eta ontzi guztien inbentario zehatza egin beharko du. Inbentario horrek abandonatutako ontziak ere barne hartuko ditu eta Lakuak ofizioz erretiratu beharko ditu.
Halaber, EH Bilduren proposamenari jarraituz, Legebiltzarrak prozesu parte-hartzaile bat ireki dezala galdegin dio Jaurlaritzari proiektua hobetzeko. Otamendik azaldu duenez, “prozesu horretan itsasadarraren erabiltzaileek eta ur-, jolas- eta kirol-klubek parte hartuko dute itsasadarra eta portua berrantolatzeko plana hobetzeko eta ahalik eta adostasun handienarekin burutu ahal izateko”.