AKTUALITATEA


| 2019-12-05 17:55:00

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio gaur “jabetza kolektiboan oinarritzen diren erabilera-lagapeneko kooperatibak sustatzeko”, etxebizitza arloan dagoen eskariaren beharretara egokitzen diren eredu berriak bilatu eta ezartze aldera. Hala, Parlamentuak “elkarlanean oinarritutako etxebizitza-iniziatibak (etxebizitza kolaboratiboak) garatu ahal izateko marko legal bat” definitzera dei egin dio, bai eta ‘cohousing’ eredua sustatzeko ere, “elkarlanean oinarritzen den bizitza-proiektu berritzaile gisa”.  Besteak beste, gaur onartutako ekimenaren helburua “udalerrietatik egin nahi diren etxebizitza-eredu berriak sustatzen laguntze da, bereziki adinekoentzako eta gazteentzako etxebizitza kolaboratiboko edo etxebizitza partekatuko ekimenetan”.
Proposamenaren egile Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “merkatu librean etxebizitza bat erostea edo alokatzea ezinezkoa da kolektibo askorentzat, eta babes publikoko alokairuan eskaintza hain da urria ezinezkoa baita dagoen eskariari egoki erantzutea. Hala, jende askorentzat egiturazko arazoa da etxebizitzarena eta, soluziorik eraginkorrena alokairuko etxebizitza parke publikoa handitzea bada ere, bistakoa da politika instituzionalak oso motz geratzen direla”.
Bada, Otamendiren iritziz, “komunitatean eta elkarlanen oinarritzen diren etxebizitza eta bizikidetza eredu berriak sustatzea beharrezkoa da, eredu berritzaile horiek jendartean dauden hainbat beharri beste era batean erantzun ahal dietelako; egoera prekarizatuan bizi diren gazteei emantzipaziorako aukera ahalbidetuz, edo gero eta zaharragoa den jendartean zaintza krisiari aurre egiteko beste bizimodu alternatibo bat eskainiz, adibidez”.