AKTUALITATEA


| 2020-06-25 11:47:00

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunarekin bat egin eta, lehen aldiz, bihar fatxadan kartela (Torturarik ez. Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna) ipini eta ate nagusi aurrean suontzia piztuko du, biktima horiek gizartearen aurrean aitortu eta giza eskubideen urraketa larri horrek eragindako bidegabekeriak salatzeko. Duela urtebete, Parlamentuak Nazio Batuen ekimen horrekin bat egiteko eskatu zien aho batez euskal erakundeei eta, bereziki, Jaurlaritzari, eta oraingoan EH Bilduk konpromiso hura gauzatzeko galdegin dio Legebiltzarreko Mahaiari. PP izan ezik, gainerako talde guztiak ados egon dira koalizioaren eskariarekin.

Torturaren Biktimei Laguntzeko Egunak esanahi sakon eta berezia du Euskal Herrian eta, hortaz, berebiziko garrantzia du Gasteizko Legebiltzarrak torturaren errealitate ezkutu hori argitara ateratzea, behin betiko desagerrarazteko borondate osoa agertzea eta torturatuei merezi duten aitortza eta elkartasuna adieraztea.