AKTUALITATEA


| 2020-01-29 15:55:00

EH Bilduk saltoki handien gaineko zerga sortzea proposatu du gaur Legebiltzarrean lege proposamen baten bitartez, merkataritza-gune handiek ingurumenean egiten duten inpaktua konpentsatze aldera. Iker Casanovak azaldu duenez, saltoki handiek nabarmen eragiten dute ingurumenean zein lurralde antolaketan; batetik, lurzoru handiak okupatzen dituztelako, bestelako erabilera posibleak eragotziz; bestetik, trafikoa (auto pribatua nagusiki) areagotzen dutelako eta, horrela, aldaketa klimatikoa larriagotzen duten karbono isuriak ere bai. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “bistakoa da fiskalitate berdean urrats bat eman behar dela”.
Zehazki, EH Bilduk proposatzen duen zergarekin saltoki handiek gehiago edo gutxiago ordaindu beharko lukete okupatzen duten superfiziearen arabera, 15 euro metro karratuko, hain justu. Hala, Jaurlaritzaren datuen arabera, saltoki handiek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 800.000 metro karratu okupatzen dituztenez, Administrazioak 12 milioi euro inguru jasoko lituzke urtean, oso kopuru esanguratsua, asko hurbiltzen delako Jaurlaritzak merkataritza txikia sustatzera bideratzen dituen 17 milioietara.
Zerga hori sortzeko lege proposamenak berme juridiko guztiak dituela azpimarratu du Casanovak, horrelako zerga bat indarrean baitago jada Nafarroan, Katalunian eta Asturiasen. “Beraz, hemen ere aplikatzeko borondate politikoa baino ez da behar”.
Legebiltzarkideak merkataritza txikiaren aldeko EH Bilduren estrategia orokorraren baitan kokatu du gaur aurkeztutako proposamena, merkataritzak berez duen garrantzia eta merkataritza txikiaren balio erantsia aintzat hartuta. Helburua, labur esanda, saltoki handiekin lehiatzerakoan dendari txikiek dituzten desabantailak desagerraraztea. Izan ere, “merkatari txikiek zerga pilo bati egin behar diete aurre eta saltoki handien gaineko zama ez da hain handia; abantaila hori ez da bidezkoa eta ezabatu behar da merkataritza txikiaren, elektronikoaren eta saltoki handien arteko bizikidetza berdintasun baldintzetan eman dadin”.