AKTUALITATEA


| 2020-01-22 17:45:00

Hezkuntza Sailak 2020-2021 ikasturterako matrikulazio prozesua aurkeztu du gaur eta, horren haritik, EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du Legebiltzarrean prozesu horren baitan ikasle guztien aukera berdintasuna bermatzeko. Proposamenaren helburua, Rebeka Uberak azaldu duenez, indarrean dagoen matrikulazio araudia zorrotz betetzea da, eskola segregazioa saihesteko. Izan ere, “matrikulazio prozesua oinarri nagusietakoa da segregazioari aurre egiteko eta herritarren arteko mailaketa hezkuntza esparruan murrizten joateko, gizarte kohesioa eta inklusioa helburu izanda”.
Helburu horiekin, hain justu, EH Bilduk matrikulazioari buruzko dekretua aldatzea proposatu du behin baino gehiagotan eta orain, aldatu bitartean, “indarrean den araudia behar bezala betetzeko eskatu behar zaio Jaurlaritzari, maiz ez dituelako segregazioari oinarritik heltzeko hartu beharreko neurriak hartzen”. Hori dela eta, Uberak aurkeztutako proposamenak Hezkuntza Sailari eskatzen dio berma dezala matrikulazio prozesuan aplikatu beharreko irizpideek ez dutela familia eta ikasleen aukera berdintasuna urratu, betiere segregazioa ekiditeko helburuarekin.