AKTUALITATEA


| 2019-11-27 14:27:00

EH Bilduk Lege Proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean etxebizitzen alokairuen prezioa mugatzeko, bereziki, tenkatuta dauden eta prezioetan presioa eragiten duten zonaldeetan. Maddalen Iriarte bozeramaileak Maider Otamendi eta Ander Rodriguez legebiltzarkideekin batera aurkeztu du Lege Proposamena.

Iriarteren hitzetan, “alokairuaren prezioaren hazkundea amaierarik gabeko espiral batean sartu da eta egoera oso kezkagarria bilakatu da bai hiriburuetan eta bai Euskal Autonomi Erkidegoko hainbat udalerritan”. Zentzu honetan, datuak aipatu ditu: Alokairu-Merkatuaren Estatistika-ren arabera, 2018aren asken hiru hilabeteetan, alokairu librean sinatzen ziren kontratuen batez besteko hileko errenta 672 eurokoa zen, 2 urte lehenago baino % 6 gehiago. Erreminta zabalago eta eguneratuagoak erabiltzen baditugu, adibidez, Higiezinen Eskaintzaren Inkesta, 2013tik hona, % 25eko igoera izan du alokairuak, eta hazkunde hori are larriagoa da zonalde batzuetan. EAEn 115.000 familia alokairuan bizi dira. Familien aurrekontuetan, alokairu kontzeptuan ordaindutakoaren pisua handitu egin da, gomendatutako gehieneko % 30ko muga zeharo gaindituz”.

EH Bilduko bozeramaileak adierazi du egoera honek “ondorio larriak” dituela: “Kaleratze kasuak gehitu egin dira, zaurgarritasun egoerak, segregazio arazoak... Gazteen emantzipazio-tasak eta jaiotza-tasak behera egin dute. Goi-mailako ikasketak libreki aukeratzeko eskubidea ere erabat baldintzatuta geratu da, hiri batzuetan prezioak jasanezinak direlako”.

Horregatik, EH Bilduk ekimen bat aurkeztu du merkatuaren etengabeko igoerari muga jartzeko. Lege Proposamenaren arabera, alokairu “prezioen erreferentzia indizea” ezarriko da “etxebizitza merkatu tenkatua” duten eremuetan. Prezio horien gainetik dauden kontratu berriak ez dira legalak izango.

 

 

Etxebizitza merkatu tenkatua: Alokairuak garestitzea bereziki pairatzen duten zonaldeak “etxebizitza merkatu tenkatua duten eremuak” deklaratuko dira. Izendapen hori izatea derrigorrezkoa izango da alokairuen prezioak mugatu ahal izateko. Legeak jasotzen dituen hainbat kasutan aplikatu ahal izango da kategoria hori. Besteak beste, udalerriko alokairuaren igoeraren batez bestekoa lurraldeko hazkunde eutsiaren alokairuen prezioa baino 2 puntu altuagoa bada. Deklarazio prozedura Jaurlaritzak edo udalek abiarazi dezakete.

Alokairuen prezio-indizea: Jaurlaritzak zehaztuko du euro/m2-etan, ingurune berean batez besteko alokairu prezioetan eta etxebizitzaren baldintzetan oinarrituta. Alokairu kontratu berrietan, edo berriztatzean, hitzartutako errentak ezingo du gainditu erreferentzia-indizea.

 

Legea aplikagarria izango da honako baldintzak betetzen direnean:

  1. Errentariaren ohiko etxebizitza izatea (izaera hau ere izango dute ikasturteak dirauen bitartean ikasleen bizitoki direnek).
  2. Etxebizitza merkatu tenkatua duen eremu batean kokatuta egotea.
  1. Babes publikoko kalifikazioa ez duen etxebizitza izatea.

 

EH Bilduk formula juridiko berritzailea jorratuko du ekimen hau aurrera ateratzeko. Proposamena da Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko  ekainaren 25eko 5/2015 Legeari Titulu berri bat gehitzea, Etxebizitza Errentamenduaren Prezioa Mugatzeko Lege Proposamenaren bidez.