AKTUALITATEA


| 2019-10-15 16:50:00

EH Bilduk lege proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean EAEko Administrazio Publikoan behin-behinekotasuna murrizteko eta enplegua egonkortzeko. Rebeka Uberak azaldu duenez, “egun behin-behinean beteta dauden egiturazko lanpostuak finkatu behar dira, enplegu hori egonkortu behar da, eta horrek Lan Eskaintza Publikoak deitzea eskatzen du, egoera horretan urteak daramatzaten langile eta lanpostuei begira, plaza horiek guztiak behin betiko betetzeko; horretarako aurkeztu dugu lege proposamena, Administrazioak behingoz bete dezan egiturazko aldi baterako enplegua finkatzeko eta plantillak egonkortzeko 2009an Negoziazio Mahai Orokorrean hartu zuen konpromisoa”. Legebiltzarrak onartuz gero, EH Bilduk proposatutako legea EAEko Administrazioari eta haren organismo autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko, sozietate publiko, fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaie.
EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du “Administrazioaren plantilla estrukturalak plantilla funtzionalekin orekatzea, bai eta enplegu publikoa duintzea ere, eta helburu hori lortzeko lehen urratsa sistema publikoa sendotzea da, langileen egonkortasuna  oinarritzat hartuta”.
Uberak gogora ekarri du EAEko sistema publikoan enpleguaren behin-behinekotasun tasa ikaragarria dela, %35ekoa, batez beste, eta azken urteotan portzentajea igo dela Jaurlaritzak sustaturiko kontratazio politikaren ondorioz. “Ez da kasualitatea dugun behin-behinekotasun tasa, eta horri belaunaldi aldaketa eta Madrilek ezarritako arau murriztaileak gehitzen badizkiogu, egoera penagarria da”. Joera horrek prekarietatea baino ez du sustatzen eta agerian uzten du, Uberaren iritziz, Enplegua Egonkortzeko Legea onartzearen premia. “Euskal Administrazioaren baitan egiten ari den kontratazio politikaren norabidea egokitzeko, lehenengo urratsa enpleguaren behin-behinekotasun tasa jasanezin horiek gainditzea da”.