AKTUALITATEA


| 2020-04-22 19:26:00

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos taldeak legez besteko proposamena erroldatu dute gaur Legebiltzarrean, Diputazio Iraunkorrean eztabaidatu dadin, ikasturte amaieraren planifikazioak sektoreko eragile guztien onespena izan dezala eskatzeko. Izan ere, Rebeka Uberak azpimarratu duenez, “Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur bertan aurkeztu duen plana ez dago sektorean adostuta, eta hori ezinbesteko baldintza da hezkuntzaz ari garenean”.

Helburu horrekin, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek sinatutako proposamenak Hezkuntza Sailari eskatzen dio krisi mahai bat eratu dezala, sektoreko eragile guztiekin batera, estrategia bateratu bat diseinatzeko. Mahai horrek pandemiak sortutako arazoak identifikatu, irtenbideak bilatu eta aurrera begirako erronkei modu adostuan erantzutea ahalbidetuko luke, Uberaren iritziz.

EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, “estrategia horrek hezkuntza-sistema publikorako neurri, jarduera-ildo eta protokolo argiak, errealistak eta langarriak jaso beharko ditu, betiere ikasleen eta langileen eskubideak errespetatuz”.