AKTUALITATEA


| 2019-09-26 14:41:00

EH Bilduk proposatuta, Legebiltzarrak pleno oso bat, monografikoa, eskainiko dio urriaren 28an merkataritza txikiari, haren egoera zein den aztertzeko eta nola suspertu erabakitzeko. Iker Casanovak azaldu duenez, “merkataritza txikia egoera larri batean murgildurik dago eta horrek instituzioen aldetik neurriak hartzea eskatzen du; horregatik eskatu dugu saio monografikoa egitea, behar-beharrezkoa delako merkataritzari bultzada ematea. Merkataritzak arreta berezia merezi du, sektore estrategikoa baita kuantitatiboki (Barne Produktu Gordinaren %11 eta 140.000 lanpostu) zein kualitatiboki, bere dimentsio ekonomikoagatik zein bere dimentsio sozialagatik”.
EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du “azken urteotan politika publikoek ez diote merkataritza txikiari behar duen babesa eman eta, batzuetan, kaltegarriak izan dira, saltoki handiei lehentasuna eman zaielako, besteak beste”. Hala, 2008tik 2018ra bitartean 1.000 denda baino gehiago itxi dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta milaka lanpostu desagertu dira. Casanovaren esanetan, “bistakoa da, beraz, merkataritza txikiaren egoera larria dela eta lehentasunezko trataera eman behar zaiola, ekonomian pisu handia duelako, baina baita ere balore erantsiak dituelako gizarte osoarentzat: bizitasuna, argitasuna eta segurtasuna dakartza herri eta hirietan, sare sozialak sendotzen ditu eta ezinbestekoak diren produktuen eskuragarritasuna bermatzen du”.