AKTUALITATEA


| 2019-10-17 15:03:00

Legebiltzarrak ez du Memoria Historikoaren Euskal Legea legealdi honetan onartuko, EAJ eta PSEk, PPrekin batera, atzera bota dutelako EH Bilduk eta Podemosek gaur defendatu dugun lege proposamena, jatorrian Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformak aurkeztu zuena, hain zuzen ere. Julen Arzuagak arduragabekeriaz aritzea egotzi die EAJ eta PSEri, euren ezezkoak galarazten duelako Frankismoaren biktimei merezi eta behar duten aitortza eta erreparazioa legealdia amaitu aurretik ematea. “Borondatea egon balitz, Memoria Historikoaren Legea legealdi honetan bertan izango genuke”.
Arzuagak EAJren justifikazioak eta aitzakiak desmuntatu ditu, jeltzaleek behin baino gehiagotan esan dutelako EAEn soberan zegoela horrelako lege bat onartzea. Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformak herri ekimen legegilea aurkeztu zuen arte. Orduan bai, orduan atera zen Jaurlaritza, korrika eta presaka, legea prestatzen ari zela esanez. “Ekimena Plataformak hartzea da, antza, EAJk gustuko ez duena, horrek ezbaian jartzen duelako memoriaren gainean eduki nahi duen monopolioa”.
EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du Memoria Historikoaren Legea onartzea eta lege horretan Frankismoaren biktimentzako kalte-ordainak txertatzea eta arautzea. Jaurlaritzak, baina, kalte-ordainak ezagutzera eman duen aurreproiektuaren zirriborrotik kanpo utzi ditu, horren inguruko erabakia gerorako utzita. Hala ere, legean biktimentzako kalte-ordainak txertatuko direla bermatzeko, Arzuagak legez besteko proposamena aurkeztu du gaur bertan, batzorde tekniko batek sei hilabeteko epean horri buruzko azterlan bat egin dezan. “Azterlan horrek erreparazio neurriak deskribatuko ditu eta ondorioak aterako ditu estaldura mailaz zein hutsune konpongarriez, gero Legebiltzarrak kalte-ordain osagarri horiek bidezkoak eta bideragarriak diren aztertu eta Memoria Historikoaren Legean txertatzeko”.