AKTUALITATEA


| 2019-10-16 14:00:00

EH Bilduk EITBn zentsuraren aplikazioa salatu behar du gaur beste behin, oraingoan Bel Pozuetaren aurka. Izan ere, Euskadi Irratiak haren adierazpenak zentsuratu zituen pasa den asteazkenean, hilak 9; alegia, Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen aurkako epaia argitaratu zuen egunean. Prozesu horren hasieratik ohikoa izan denez, Pozuetak horren inguruko iritzia eman zuen Altsasuko gurasoen bozeramaile gisa eta Euskadi Irratiak haren hitzak grabatu zituen, baina gero ez zituen emititu, goi kargu batek hala erabakita, Pozueta Nafarroan Kongresurako EH Bilduren hautagaia den aitzakiapean. Egun berean, baina, EITBren beste irrati batean, Radio Euskadin, hain zuzen, elkarrizketa egin zioten Geroa Baiko hautagai Maria Solanari, Skolae programari buruz.

Unai Urruzuno legebiltzarkidearen iritziz, “kasu honetan gertatutakoak frogatzen du, beste behin, EITBk ez diola neurri bera aplikatzen EH Bilduri, edozerk balio duela EH Bilduren ordezkariak eta euren adierazpenak ez emititzeko, EAJren ordezkariei bertako mikrofonoak ia egunero eskaintzen dizkion bitartean”. Horren harira, Urruzunok gogora ekarri du EITBren erreforma integrala aztertzen ari den ponentzia parlamentarioan Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako txostena. “EHUk inkesta bat egin du EITBn bertan, langileen artean, eta, besteak beste, ondorengo ondoriora iritsi da: bertako kazetariek beraiek uste dute EITBren informazioaren tratamendua Jaurlaritzaren eta hau osatzen duten alderdi politikoen aldekoa dela”.

Pozuetak Altsasuko guraso bezala eginiko adierazpenen zentsura ez da kasu isolatu bat, EITBn guztiz hedaturik dagoen praktika oso baten azken adibidea baizik. Hori dela eta, EH Bilduk kontuak eskatuko dizkio datorren asteko Kontrol Plenoan Bingen Zupiria Kultura sailburuari eta EITBko zerbitzu juridikoen arduradunaren agerraldia ere galdegingo du Legebiltzarrean, azal dezan hilaren 9an Pozuetaren adierazpenak emititzeak hauteskunde kanpainetan aplikatu beharrekoa den araudiaren kontra joko zuen, horixe izan baitzen adierazpen horiek zentsuratzeko erabilitako argudioa.