AKTUALITATEA


| 2020-04-08 14:10:00

Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra hilaren 17an batzartuko da, EH Bilduk eskatu bezala, koronabirusaren ondorio sanitario eta sozioekonomikoei aurre egiteko talde independentistak proposatutako neurri sorta eztabaidatzeko. Hala erabaki du gaur Legebiltzarreko Mahaiak, koalizioaren eskaria aintzat hartuta, baina horrek, hala ere, ez du ezkutatu behar EAJ eta PSE azken egunotan aitzakiak jartzen ibili direla Diputazio Iraunkorraren deialdia galarazteko asmoz.

Oztopoak oztopo, Diputazio Iraunkorra datorren astean batzartu egingo da eta EH Bilduren legez besteko hiru proposamen, premiaz eztabaidatzekoak, izango ditu mahai gainean. Diputazio Iraunkorraren bilerak izaera ofiziala izango du, modu telematikoan egingo bada ere. Horrek frogatzen du, Eba Blancoren iritziz, “borondate politikoa dagoenean irtenbideak aurkitu eta adostu daitezkeela, ez aurreko astean bezala, Urkulluren agerraldi telematikoari izaera ofiziala ukatu baitzitzaion Erregelamenduaren aurkakoa omen zelako aitzakia erabilita”.

EH Bilduk oso garrantzitsutzat jo du bere proposamenak Diputazio Iraunkorrean eztabaidatu ahal izatea, premiazkoa delako pandemia osasun sisteman, enpleguan eta babes sistema publikoan izaten ari den ondorio larriak arintzeko neurriak hartzea eta alderdi guztion artean konponbideak bilatzea.

Helburu horrekin, EH Bilduk hiru ekimen eramango ditu Diputazio Iraunkorrera. Bata, enpresa txiki eta autonomoentzako neurri berezituak planteatzen dituena (zergen ordainketa atzeratzea, gastu finkoak ezabatzea eta kalte ekonomikoak konpentsatzeko funts bat sortzea). Bigarrenak osasun sistemari begiratzen dio, test masiboak egiteko, Osakidetzako langile guztiei babes-materiala (EPI) bermatzeko eta alarma egoeraren osteko eszenatokia prestatzeko planifikazio integrala diseinatzeko. Hirugarrenak adinekoen egoitza-zentroetan premiaz hartu beharreko neurriak planteatzen ditu: test masiboak egitea, babes ekipoak (EPI) bermatzea, plantillak indartzea arreta egokia ziurtatzeko eta erresidentzia pribatuen kontrol publikoa.