AKTUALITATEA


| 2019-05-06 15:06:00

EH Bilduk proposatuta, Legebiltzarrak autogintzari buruzko ponentzia sortu du gaur sektorearen etorkizuna aztertu eta bermatzeko behar diren politika publikoak zehazteko. Miren Larrionek, ponentziaren sustatzaile nagusiak, ekimen horren garrantzia azpimarratu du, autogintza funtsezkoa delako euskal industria eta ekonomiarentzat. Azaldu duenez, autogintzak haren etorkizuna bermatzeko hartu behar duen bidea zehaztea ahalbidetuko du ponentziak, eta, horri jarraiki, sektorean aritzen diren milaka langileei segurtasuna emateko ere balio izango du. “Langileei, Gasteizko Mercedesekoei eta gainontzekoei, segurtasuna eman behar diegu, langileek merezi dute guk batera eta serio lan egitea, autogintza mantentzeak berebiziko garrantzia duelako eremu industrialean. Soberan daude, beraz, erantzun histerikoak beldurra emateko eta boto batzuk lortzeko. Horren ordez, instituzio guztietan ekimenak bultzatu behar dira sektorea modernizatzeko eta haren etorkizuna bermatzeko, guztion artean adostuta, horixe baita sektorea bera Europan eskatzen ari dena, trantsizio adostu bat”. Izan ere, mugikortasunaren alorrean paradigma aldaketa baten aurrean gaude eta horrek ondorio ukaezinak izango ditu autogintzan.
Horren haritik, Larrionek azaldu du ponentzian sektoreko enpresek, langileen ordezkariek, arloko adituek eta akademikoek parte hartuko dutela guztien ekarpenekin diagnostiko bat egiteko eta autogintza sendotzeko politika publiko berriak proposatzeko. EH Bilduko legebiltzarkideak aurreratu du proposamen horien artean agertuko dela, zalantza barik, Ikerketa eta Garapenean egiten den inbertsioa handitu beharra, hori ezinbesteko osagaia delako sektorea mantentzeko eta herri aurreratua izateko.
Autogintzak, adierazi du Larrionek, alderdi guztiok erantzukizunez jokatzea merezi eta behar du, eta hori da EH Bilduk egin duena ponentzia martxan jartzean. “Guretzat ez da alternatiba bat jendea beldurtzea eta paralizaturik geratzea edota ostrukarena egin eta ezer ez egitea; guk erantzukizunez jokatu dugu politika industriala bideratzeko, horretan tematu gara eta autogintzari buruzko ponentzia horren emaitza da”.
Larrionekin batera agertu den Iker Casanova legebiltzarkideak nabarmendu duenez, autogintza sektore estrategikoa da euskal industriaren eremuan. Datuek hala erakusten dute: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 300 enpresa baino gehiago eta 41.000 langile dira sektorean aritzen direnak, autogintza Barne Produktu Gordinaren %25 da eta sektoreari dagokio esportazio guztien heren bat baino gehiago. Casanovaren hitzetan, “euskal ekonomian industria ardatza bada, autogintza industria sektorearen bihotza da eta, beraz, izaera estrategiko argia dauka”.