AKTUALITATEA


| 2020-06-12 13:15:00

2020ko hondartza denboraldiak hastear dela, Gipuzkoako udalek neurri bereziak hartu behar dituzte Covid 19aren aurkako babesa indartzeko. Aldundiak udalei emandako baliabideak indartzeko eskaera, ordea, irailera arte atzeratu dute gobernuan dauden bi alderdiek, Batzar Nagusietako azken plenoan sartzeko urgentziarik ez baitiote onartu.


EH Bilduren ustez, onartezina da eztabaida sahiestu nahi izatea eta bitartean kostako udalak baliabide eta babesik gabe uztea. Are gehiago, udal horiei foru funtsetik %20ko murrizketa aplikatu dietenean, eurekin ezer adostu gabe. Beharrezko segurtasun neurriak hartzeko baliabide ekonomiko, material eta pertsonal gehiago behar dituzte udalek, baina horretarako ez dute ekarpen gehigarririk jaso Foru Aldunditik, eta hori lehenbailehen bermatzea ezinbestekoa ikusten du EH Bilduk, hondartza denboraldia gain-gainean egonda bertaratzen diren herritarren segurtasuna bermatzea ezinbestekoa delako.


EH Bilduk bere ebazpen-proposamenean eskatzen du indartu ditzala 2020ko Gipuzkoako hondartza denboraldirako udalen esku jarri beharreko baliabide ekonomiko, material eta pertsonalak, udal horiek Covid 19ari aurre egiteko neurri bereziak martxan jartzeko modua izan dezaten. Aurtengo denboraldian nahiz datozenetan Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaian sortu daitezkeen kudeaketa arazoei irtenbide adostua eman diezaiela, eta beharrezko lantaldeak atondu ditzala alor horiekin lotutako auziak jorratzeko. Eta azkenik, hemendik aurrera sortuko diren behar berriei erantzuteko zerbitzuak eta bereziki sorospen zerbitzua amankomunatzea aztertuko duen lantaldea abian jar dezala, aukerak aztertu eta proposamenak landu ditzan, etorkizun hurbilean helburu hori lortzeko.


Gaiaren urgentzia ikusita, Osoko bilkuran ez bada ere, modu batera edo bestera gaiari heltzeko eskatzen dio EH Bilduk Aldundiari, uda hasi aurretik.