AKTUALITATEA


| 2020-05-06 12:37:00

Larrialdi zerbitzuak Bizkaian zentralizatzearen inguruan pasa den irailean eztabaidatu zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Gaur ohiko Osoko Bilkuran berriro ekarri du gaia EH Bilduk. Izan ere, Jaurlaritzak 2019ko abendurako egin behar zuen proposamenaren txostena eta oraindik ez du ezer aurkeztu.


Baina bitartean, Juan Karlos Izagirre bozeramaileak adierazi duenez, dagoeneko zerbitzu batzuk zentralizatu direla ohartarazi dute bertako langileek: Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzua (LAZLZ) Txurdinagan, esaterako. “Horrek dagoeneko arazoak sortu ditu: lokalizazioz nahastutako kasuek gora egin dute; eta honek inplikatzen du anbulantziak beranduago iristea...”. Izagirrek gaineratu du zentralezatzeak ez duela onura bakar bat ere eta ez dagoela planteatuta, inolaz ere, osasun ikuspuntu batetik; “agian barne-saileko irizpideak jarraituz planteatzen da, baina ez osasun-ikuspegi batetik”.


EH Bilduk kezkaz ikusten du egoera, ondo dagoen zerbait aldatu nahi delako, langileekin hitz egin gabe. “Ez dira ari beraiekin hitz egiten inolako planik egiteko, langileek zerbitzu onena eskaini nahi dute, baina SADAEren zentralizazioarekin zerbitzuaren kalitatea okertzen hasi da dagoeneko.


Ezinbestekoa jotzen dute lurralde bakoitzeko zentroak mantentzea. Zergatik? Gertutasuna eta ezagutza geografikoak zerbitzu hobe bat bermatzen duelako, ezbeharra gertatu den lekura iristeko denborak gutxituz”. Izagirrek gaineratu du “arazo informatiko larriren bat gertatuz gero, zentral bakarra egonez gero, zerbitzurik gabe gelditzeko arriskua izugarria” dela, gaur egun, horrelakoren bat gertatu denean, beste bi zentroek egiten dute hirugarrenaren lana, azaldu du.

Izagirrek gaineratu du arratsaldeko 20:00etan egunero txaloak jotzea oso ondo dagoela, “baina langile horiei kasu egin eta lurralde bakoitzean, eta gure kasuan Gipuzkoan, larrialdi zerbitzu egoki eta kalitateazkoa eskaintzea, askoz hobeto”.


 

Espainiar gobernuaren injerentziak


Bestalde, bilkurako beste puntu batean, EH Bilduk salatu du Espainiako gobernuak Gipuzkoak, gure Udalek eta Hego Euskal Herriak dituzten eskumenak ezabatu nahi izan dituela. “Espainiako Gobernuak gure eskumenetan inposatutako injerentziak izan dira. Estalitako 155 artikuluaren aplikazioa izan da. Ezin dugu hemen erabaki, bertako ezagutza eta informazioaren arabera. Madrilek erabakitzen du. Berzentralizazio operazioa izan da”, esan du Izagirrek.