AKTUALITATEA


| 2019-10-30 09:54:00

• Aurrekontu osoa %4,53 igo den bitartean, Gizarte Zerbitzuetara bideratutako partida %2,44 baino ez da igo. 
• Ekonomiaren bilakaera positiboa den testuinguru honetan, gehiago dutenek langileek baino ahalegin fiskal baxuagoa egiten dute.
 • Datozen asteetarako, iaz ez bezala, zuzenketak entzuteko eta aztertzeko jarrera irekia eskatzen die EH Bilduk EAJ eta PSEri.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako aurrekontu proposamenari lehen irakurketa eginda, nabarmentzekoa da aurrekontua hazten den bitartean, behar nagusiei bideratutako partidak ez direla neurri berdinean hazi eta dirua biltzeko sistemak gipuzkoarren artean ezberdintasunak gero eta handiagoak izatea eragiten duela.

 

Hasteko, dirua biltzeko sistemak kezkatzen gaitu; esfortzu fiskala langileriaren bizkar jartzen baita eta ez da jasotzen jaso zitekeen guztia. Diru bilketari dagokionez, bi datu zehatz azpimarratzeko. Batetik, Sozietateen eta Ondarearen gaineko zergen bitartez jasotakoaren pisu portzentuala gero eta baxuagoa da. Aurten Sozietate zergaren bidez diru bilketa osoaren %6,38 bakarrik bildu da; iaz, %6,66. Azken urteotako joerak argi erakusten du Sozietate zergaren bidez jasotzen denaren ekarpena gero eta txikiagoa dela. Ondarearen gaineko zerga bidez, berriz, %1,3a soilik bildu da. Bestetik, bildutakoaren portzentaia nagusia langileek ordaintzen dugunetik jasotzen da. PFEZ aren bidez jasotzen da biltzen den diru guztiaren %37,66 eta BEZ-aren bidez %39,27; bi horiek gehituta %76,93.

 

Argi ikusten da zerga bidez biltzen den diruaren lautik hiru soldatapeko herritarren gain jartzen dutela, eta enpresa irabaziak eta aberastasun gehien dituztenek egiten duten ekarpenak gero eta pisu gutxiago duela. Horrek erakusten du ekonomiaren bilakaera positiboa den testuinguru honetan, gehiago dutenek langileek baino ahalegin fiskal baxuagoa egiten dutela.

 

Gastuari dagokionez, gizarte politiketara bideratzen den gastua aurrekontu osoaren %46,54koa da 2020an (Adinberri eta Elkarrekin kontuan hartuta). 2019an puntu bat handiagoa zen, eta oso urruti daude biak 2015an bideratu zen batezbestekotik (%49,39). Iaztik hona politika sozialek izandako igoera aurrekontu guztiaren igoeraren batezbestekoa baino baxuagoa izango da. Zehazki, aurrekontu orokorra %4,53 igo den bitartean, gizarte zerbitzuen partida %2,44 baino ez.

 

Berdintasunaren alorrean, oraindik ere bete gabe jarraitzen du aho batez onartutako 2015eko Emakumeen eta gizonen berdintasunerako foru arauak. 2019rako 8 milioi inguru aurreikusten ziren, proposamen honek 2.228.000 euro jasotzen ditu, foru arauak exijitzen duenetik oso urruti. Iaztik hona %0,8a bakarrik igotzea proposatzen du.

 

Larrialdi klimatikoari dagokionez, erronka horri aurre egiteko jartzen diren baliabideak, urriak eta sinbolikoak baino ez dira. Ingurumen departamentuaren pisua, bigarren baxuena da, Diputatu Nagusiaren departamentuaren ondoren. 26.955.180 euro jasotzen ditu proposamenak, hau da, aurrekontu osoaren %3,1 besterik ez dute bideratu nahi ingurumen politiketara.

 

Gauzak horrela, EH Bilduk garbi adierazi du aurrekontu horiek ez dietela erantzuten Gipuzkoak dituen erronka nagusiei eta denbora ertain nahiz luzean aurre egin beharko diegun krisi ezberdinei.

Datozen asteetan aurrekontuak sakonago aztertzeko aukera izango dugu eta egin beharreko zuzenketak egingo ditugu. Iaz ez bezala, zuzenketak entzuteko eta aztertzeko jarrera eskatzen diegu bi alderdi gobernukideei.