AKTUALITATEA


| 2019-10-28 17:34:00

 

Euskal Herriko gizarteari, eta batez ere Gipuzkoako gizarteari, gaur helerazi nahi diogu inoiz baino garrantzitsuagoa dela ezker subiranistak ahots propioa eta ordezkaritza indartsua izatea Madrilen, Espainiako Estatuak eta bere botere faktikoek abian duten inboluzio antidemokratikoari aurre egin ahal izateko. Hutsik egingo ez duen ahots soberanista behar dugu Madrilen, fidagarria, euskal jendartearen interesak alderdi interesen aurretik jarriko dituena. Espainiako Estatuko gainontzeko indar subiranistekin elkarlanean aritzeko gai izango dena. EH Bilduren eta hemen ditugun pertsonen ahotsa da hori.

 

Espainiako Estatua egiten ari den injustizien lekuko izan gara asteburu luze honetan, bai Euskal Herrian eta bai Katalunian. Ehundaka mila pertsona kalera irtetea eta horrek daukan indarraren lekuko izan nintzen larunbatean, espetxeratuta dauden ordezkari independentistak berehala aske uzteko eta autodeterminazio eskubide demokratikoa aldarrikatzeko Bartzelonan egin zen manifestazio erraldoian. Bertan egon ziren Kataluniako indar subiranista guztietako ordezkariak. Batasun eta kemen horrek emaitzak ekarriko ditu. Eta zer esan larunbatean Iruñean ikusitakoaz, Altsasuko gazteei eta haien familiei elkartasuna eta babesa agertzeko mobilizazioan. Hamarnaka mila pertsona elkar hartuta, Espainiako Estatuaren bidegabekeriak eta bere izaera atzerakoia salatuz. Eredugarriak izan ziren bi mobilizazioak, txanpon berarekin bi aldeak islatzen dituztenak.

 

Bi mobilizazio erraldoi horien aurretik, aurrekaririk gabeko ekimen baten egoteko aukera izan nuen, joan den ostiralean, Bartzelonan: Espainiako Estatuko indar subiranistetako ordezkariak elkar hartuta, gutxieneko programa bat izenpetzen eta beren herrien autodeterminazio eskubideareb defentsan elkarlanean aritzeko konpromiso publikoa hartzen; azken baten, jendarte eta herri erabat demokratikoak eraikitzeko helburua izango duen bidea bultzatzeko konpromisoa hartuaz. Ohore izan zen ekitaldi horretan egotea. Eta ohorea izango da elkarlan horrek emango dituen emaitza berrien parte izatea.

 

Hori guztia gertatzen zen bitartean, duela bi urteko urriaren 3an Borboiak egindako diskurtsoarekin abian jarri zen kontraerreformaren beso politikoa ordezkatzen duten alderdi politikoak Bartzelonako kaleetara irten ziren atzo. PSOE, PP, Ciudadanos, eta baita Vox, eskutik helduta eta Espainiako banderekin Bartzelonako kaleetan, Espainiako batasunaren defentsan. Bai, duela hilabete batzuk gobernu “aurrerakoiaren” berme eta balio demokratikoen defendatzaile gisa aurkezten zitzaigun PSOE bera Bartzelonako kaleetan izan zen atzo Europako eskuin atzerakoienarekin, eskuetan Espainiako bandera zeukala.

 

PSOEk bi aukera izango ditu azaroaren 10eko hauteskundeen ostean: Espainiako eskuinari besarkatu, Espainiako batasun hautsiezina bermatzea helburu bakar daukan inboluzio antidemokratikoan sakontzeko; edo, Estatu osoko indar subiranistekin batera aritu, nazio aniztasuna eta herrien autodeterminazio eskubidea errespetatu, demokraziarako bidea eginez.

 

Euskal gizarteak oso argi izan behar du gauza bat: Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako subiranisten ordezkaritza indartsu batek bakarrik ekidingo du PSOEk Espainiako eskuinari besarkatuta bukatzea. Ekuazio oso sinplea eta erraza da: PSOEren asmoak aldatzeko ordezkaritza indartsua lortzen dugu subiranistok edo Espainiako Estatuak kontraerreforma antidemokratikoan sakontzeko bidean aurrera egingo du, horrek herritarren ongizate politiko, ekonomiko eta sozialean dituen ondorio kaltegarriekin.