AKTUALITATEA


| 2019-11-01 17:59:00

Mertxe Aizpurua, EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua Ordizian izan da gaur eguerdian Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailearekin batera hauteskunde kanpainaren baitan. Aizpuruak duela egun gutxi batzuk Llotja de Marreko manifestuan argi irudikatu zen subiranisten elkarlanaren eta indar metaketaren garrantzia azpimarratu du, “horrek bakarrik ekidin dezakeelako Pedro Sanchez eskuinaren besoetara erortzea, kontrarreforma autoritarioan sakontzeko”. Honen ildotik, erantsi du Gipuzkoako zerrendaburuak “subiranistek baldintzatutako gobernu batek bakarrik egingo du ezinezko eskuinaren eta Estatuko botereen nahiak eta desioak gauzatzea”.


Ohartarazi duenez, Sanchezek bazter utzi du apirileko hauteskundeetako kanpainan zabaldu zuen mezua, ustez, berritzailea eta “gaur betiko PSOE” baino ez du ordezkatzen. “Sanchezek eta Estatuko botereek iraganerako bidaia batean sartu nahi gaituzte, ez dute nahi gizarte eta herri hobeak eraiki ahal izateko Kataluniak eta Euskal Herriak autodeterminazio eskubide demokratikoa praktikan jartzea”, baina “horren guztiaren aurrean Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko eta Galiziako subiranisten elkarlana dago, oinarrizko balio demokratikoen defentsarako indar metaketa dago, hauteskunde hauetan autoritarismoaren eta demokraziaren arteko partida jokatzen delako”.


Aizpuruak gogora ekarri du gaur Pedro Sanchez bera dagoela Euskal Herrian, “baina gaur ezin izango du kontatu oraingoan bai, oraingoan ados jarriko dela Podemosekin”. Izan ere, “gaur ez dator aurreko hauteskunde kanpainako mezuarekin, ez, PSOE berrituko zuelako mezu hura bidean galdu zelako, eta gaur egun Sanchez betiko PSOE delako eta betiko PSOE ordezkatzen duelako”.


“Sanchezek argi utzi zuen hauteskundeak deitu zituenean: ez du nahi indar subiranistek baldintzatuko gobernu bat, Espainiako Estatuak bizi duen egiturazko krisia konpontzeko duen soluzioa kontrarreforma antidemokratikoa delako, eta, jakina, ekuazio horretan ez gara sartzen independentistak, eta Podemos ere ez. Estatuko botereen nahia eta borondatea kontrarreforman
sakontzea da, eta horretarako alderdi handien arteko Estatu itunak behar dituzte”. Hortaz, berretsi du Aizpuruak kontrarreforma hori galarazteko modu bakarra subiranistak hauteskundeetatik indartsu baino indartsuago ateratzea da, Madrilgo Gobernua baldintzatu ahal izateko.


Maddalen Iriarte: “Demokrazia edo inboluzio antidemokratikoa, eskubideak edo murrizketak, hori da jokoan dagoena”


Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak ere kontrarreforma demokratikoaren arriskuez ohartarazi du Ordizian, mehatxu horri aurre egiteko borrokan “asko dugulako jokoan hauteskunde hauetan”. Horren ildotik azaldu duenez, “Araban eta Nafarroan aukerak argiak dira: edo EH Bilduk lortzen du ordezkaritza edo, bestela, PPk lortuko du. Demokrazia edo inboluzio antidemokratikoa, eskubideak edo murrizketak, hori da jokoan dagoena”. Hori dela eta, “aurrerakoiak eta ezkerrekoak sentitzen diren eta balio demokratikoetan sinesten duten herritarrei” EH Bildu bozkatzera deitu die,
“EH Bildu delako aukerarik onena, ondoen ordezkatuko dituena eta, gainera, EAE osoan PP eta Espainiako eskuina ordezkaririk gabe utziko dituena”.


Iriartek gaineratu duenez, “euskal gizarteak azaroaren 10ean aukera izango du apirileko
hauteskundeetan eman zuen lezioa berriz ere errepikatzeko eta Espainiako eskuina berriz ere
ordezkaririk gabe uzteko. Berriz ere aukera izango dugu Casado eta enparauei esateko euskal
gizarteak ez duela nahi ez inboluziorik ez murrizketarik, herritar guztien eskubideak errespetatuko diren gizarte demokratiko batean bizi nahi dugula”.