AKTUALITATEA


| 2020-05-28 22:50:00

 

 

Eta hori da guk faltan botatzen duguna udal gobernu honen eskutik: kudeaketa eta begirada estrategikoa. Nola ez zuten ba aurreikusi hau gerta zitekeenik? Zergatik antolatu dute guzti hau inorekin kontatu gabe (bide batez esanda, dena egiten duten bezala, bere kabuz, dakiten pertsona edo eragileekin kontatu gabe). 

 

Baina, larriena, kasu honetan, herritarren osasuna arriskuan jarri dutela da. Maiatzak 27an, asteazkenean, bonuak herritarren eskura jarri zituztenean, ikusi genituen irudiak oso larriak dira. Pandemia egoera honetan herritarren ardura eskatzen ari gara, eta udal gobernutik zabarkeria eta arduragabekeria honekin jokatzea zilegi da? Eskerrak herritarrek arduratsu jokatzen dutela! 

 

Udal gobernuak kasu honetan erakutsi duen inprobisazioa oso larria da. Ikusi da gauzak presaka eta ondo aztertu gabe egiteak zeintzu ondorio ekar ditzakeen. Herritarren ezinegona eta EH Bilduk egindako proposamenen aurrean erreakzionatzea beste biderik ez zitzaion gelditu EAJk eta PSE-EEk osatzen duen udal gobernuari, eta bonuen kanpaina martxan jarri zuten medioetan, gauzak lotu gabe. Asteazken honetan ikusi dugu inprobisazio horren ondorioak. Gure inguruko herrietan ikusi ditugu bonuak banatzeko modu eraginkorragoak, osasuntsuagoak eta arduratsuagoak. Aukera zegoen denon artean horiek begiratu, aztertu eta adosteko. Baina udal gobernuak betikoa egin du: inori entzun ez eta berea egin. Gobernatzeko eredu horren ondorioak atzo Elgoibarko kaleetan ikusitako irudiak dira. 

 

Jendea oso haserre etorri da guregana, eta jakin badakigu, kexa formal ugari erregistratu dituztela udalean bonuen banaketa sistemak sortu dituen ezinegon eta arriskuen adierazle. Hau ezin da berriz gertatu. 

 

Berriz ere eskatzen diogu udal gobernuari gauzak aurretik lantzeko, ez berain bulegoan, besteekin batera. Horrela bakarrik lortuko dugu bide ona hartzea, inprobisazioak ekidinez, eta gauzak denboraz prestatuta. 

 

Hemendik aurrerako ekimenetarako gure prestutasuna azaldu genuen osoko bilkuran, eta berriz ere mahai gainean jartzen dugu. Aurrekontuak berraztertu behar dira, baina denon artean, ekimenak adostuz, lehentasunak markatuz. EH Bildutik ez dugu marketin eta orrazketa sinplerik onartuko. Gure elkarlan zintzoa nahi badute, hor izango gaituzte, baina ez beraien proposamenei eta egiteko moduei gure oniritzia emateko soilik. Elkarlana eta lanketa arduratsua dira bide bakarra. Bestela, asteazkenean ikusitako irudiak errepikatu daitezke, eta Elgoibarrek ez du hori merezi!