AKTUALITATEA


| 2020-07-07 22:06:00

Hauteskunde kanpainako ekitaldi politikoa egin du EH Bilduk, astearte arratsaldean, Elgoibarren. Giza Eskubideen plaza bete egin da Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailearen eta Ander Rodriguez Gipuzkoako hautagaiaren hitzartzeak jarraitzeko. Rodriguezek azpimarratu duenez, “ezustekoa” emateko moduan dago EH Bildu igandeko hauteskundeetan. “Igande honetan boto bakoitzak balio izugarria dauka. Partida badago, eta Gipuzkoan lehen indarra izateko aukerak ditugu", esan du aurreko legealdian legebiltzarkide izandakoak.

EH Bildu herri honetako ezkerreko subiranista guztien etxea izateko jaio zela gogoratu du Rodriguezek, eta azken urteetako lanari esker, etxe hori handitzen ari dela nabarmendu du. “Gero eta gehiago gara EH Bildun. Sektore eta norbanako berriak bat egiten ari dira ezkerreko subiranisten proiektuarekin. Biltzen ari garen indar berri guztiak erakutsi behar dira orain uztailaren 12ko hauteskundeetan”.

Mertxe Aizpurua, bere aldetik, Madrilgo aktualitate politikoaz eta horrek Euskal Herrian daukan eraginaz aritu da. Era horretara, euskal langileen interesak defendatzen dituen indar politikoa dela EH Bildu esan du. “PPk onartutako lan erreformaren derogazioa gauzatzeko akordioa gauzatua daukagu PSOE eta Podemosekin. Emandako hitza ez dutela beteko diote orain. Birritan esan digute. Baina urrats hori ematea ezinbestekoa da, guri eta langile guztiei emandako hitza betetzeko eta langileek galdutako eskubide guztiak berrezartzeko”.

Igandeko honetan asko dagoela jokoan azpimarratu du Aizpuruak, “krisiari irtenbide duina ematea edo krisiaren faktura betikoek ordaintzea, langileek ordaintzea”.

Aspaldian eskuin muturra izaten ari den gorakadaz eta Vox-ek Gasteizko Parlamentuan sartzeko duen aukeraz ere mintzatu da Azpirua. “EH Bildu beti izango da faxismoa geratuko duen horma. Uztailaren 12an erantzukizun historikoa dugu. Ezker subiranistaren boto bat bera ere ezin daiteke etxean geratu”.