AKTUALITATEA


| 2019-12-02 11:52:00

Bizkaiko Foru Gobernuak aurkezturiko aurrekontu proiektuari Osoko Zuzenketa aurkeztu dio gaur goizean  EH Bilduk. Bea Ilardia bozeramaileak eta Arantza Urkaregi legebiltzarkideak azaldu dutenez, “EAJk eta PSEk aurkezturiko aurrekontu proiektua konformismoan geratzen den dokumentu bat da. Jada ezin dugu jarraikortasunaz hitz egin; alderdi bien jarrera konformismo hutsa da”.

Ilardiak azpimarratu du EH Bilduk Osoko Zuzenketa aurkeztu duela “aurrekontu proiektuak ez duelako Bizkaiko herritarren bizimodu duina bermatzen” eta, politika berberei eutsiz, ezinezkoa delako egoera larrienean dauden pertsonen bizimodua hobetu”.

Hiru ardatz EH Bilduren proposamenaren oinarrian

Aurrekontu proiektu horren aurrean, EH Bilduk aberastasunaren bidezko banaketa, kalitatezko enplegua eta klima-larrialdiaren aurkako neurriak hartzea eskatzen du.

“Gizarte zerbitzuak pertsona guztietara heldu behar dira eta langileen ekarpena handitzen ari den bitartean, enpresek gero eta ekarpen txikiagoa egiten dute. Azken urtean 93 milioi gutxiago bildu dira, esaterako, Sozietate Zergatik”, esan du Arantza Urkaregi batzarkideak.

Enpleguari dagokionez enplegu publikoa sortzeko diru gehiago bideratzea eskatu du EH Bilduk. “Azpikontratatuko zerbitzuetako langileen lan-baldintzak duindu behar ditugu 1200€ko gutxieneko soldata ez delako bermatzen eta eskualdeen garapenaren alde egin behar dugu. Kanpora begira dauden aurrekontu batzuk dira, nazioartetik talentua ekartzea helburu daukatenak, bertakoa zaindu ordez”, azpimarratu du Urkaregik.

Azken gaiari dagokionez, klima-larrialdiaren inguruan, neurri bakarra jasotzen dela gogoratu du Urkaregik. “Klima-aldaketaren aurreko Ekintza Planerako 44.000€ bakarrik bideratzen dira. Zein neurri har daiteke kopuru eskas horrekin?”

Bitartean, ingurugiroaren aurka doazen hainbat neurri bultzatzen dira, auto pribatuaren erabilera sustatzea adibidez. “Ezin da klima larrialdia aldarrikatu eta horren kontra jo baino larrialdia areagotu duten politikak bultzatu”, adierazi du Urkaregik.

EH Bilduk 219 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu

EH Bilduk hainbat hobekuntza aurkeztu ditu bizkaitarron bizitza hobetzeko ekonomiaren sustapenarekin eta herrialde jasangarriago bat lortzeko helburuarekin. 140 milioi euro beste era batera inbertitzea proposatzen du 219 zuzenketa partzialen bitartez.

Enplegu duina bultzatzeko, eskualdeen ehun ekonomikoa indartzeko 4,3 milioi euro gehiago inbertitzea proposatzen du EH Bilduk eta, zenbait kasutan, administrazioan azpikontraten bidez lan egin beharrean, kontratazio zuzenaren alde egitea.

Klima larrialdiari erantzuteko, 5,3 milioi euro bideratzea proposatzen da baso politika berri bat bultzatzeko eta beste 10 milioi euro lehen sektorea indartzeko.

Horretaz gain, mugikortasunari dagokionez, Errekalde eta Galdakaoko metro lineetarako milioi bat euro aurreikusten ditu, Txartel Bakarra garatzeko 500.000€, 6,5 milioi euro gehiago bidegorri sarea indartzeko eta 1,5 milioi euro Errekaldeko saihesbiderako.

Berdintasuna zehar-lerro bat izan behar dela planteatzen du EH Bilduk eta helburu horretarako, sail guztietan, 6 milioi euro gehiago inbertitzea proposatzen du.