AKTUALITATEA


| 2020-01-17 13:52:00

Idoia Perezek eta Aitor Llanok, Gueñes eta Zallako EH Bilduko zinegotziak hurrenez hurren, Glefaran enpresak sortutako arazoekin kezkatuta agertu dira eta instituzioei irtenbide bat eskatu diote.

“Osasun publiko eta ingurugiro arazo baten aurrean gaude, baina baita ere eskualde osoari eragiten dion eredu arazo baten aurrean”, adierazi du Perezek eta gaineratu du urtarrilaren 25erako deitutako manifestazioan parte hartuko dutela.

 “Lehentasunezkoa da Enkarterriri irtenbideak ematea”, azpimarratu du EH Bilduko zinegotziak eta dei bat egin die instituzioei “inplikatutako agente guztiek enpresaren aktibitateren birmoldaketerako bideragarria den plana martxan jartzeko existitzen diren lanpostuak mantenduz eta berriak sortuko direla bermatuz”. Horretaz gain, eskualdea berpizteko plan erreal bat abian jartzea eskatu dute.

Urteetan eskualdeak jasandako eta egungo egoera salatu dute zinegotzi biek, eskualdean emandako deslokalizazioak, langabezi-tasa altua eta instituzioen utzikeria azpimarratuz.

Ekimenak Batzar Nagusietan

Beste alde batetik, Raul Mendez EH Bilduko batzarkideak aipatu du Ainara Basurko Ekonomi Sustapen Diputatu andrearen batzorderatzea eskatu dela 2018-2019 Enkarterriko Plan Pizgarriaren ebaluazio txostenaren emaitzen berri emateko.