AKTUALITATEA


| 2020-04-14 11:51:00

EH Bilduk Bizkaiko Aldundiak koronabirusaren krisian erakusten ari den gardentasun eza salatu nahi du. Gaur, foru gobernuaren eskariz, EH Bilduk eskatutako diputatu guztien agerraldia egin beharrean batzorde bakarra egingo dute Batzar Nagusiek instituzioaren gardentasuna kaltetuz.

Koronabirusa eragindako krisi soziosanitarioaren aurrean EH Bilduk sail ezberdinetako arduradunen urgentziazko agerraldia eskatu zuen arlo bakoitzean zer nolako erabakiak hartu ziren aztertzeko eta informazioa jasotzeko.

Informazio eskari horren aurrean Unai Rementeria ahaldun nagusiaren kabineteak sail ezberdinen agerraldiak ez egitea proposatu du eta EAJk et PSEk erabaki hori babestu dute.

“Gobernua osatzen duten alderdiek informazioa jasotzeko eskubidea urratu dute. Eman behar den informazio guztia ezin da ahaldun nagusiaren agerraldi batera mugatu; are gutxiago, arloka aztertzea eskatu denean. Beste behin ere, Aldundiak gardentasunari oztopoak jarri dizkio”, salatu du Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiko bozeramaileak.

Informazioa jasotzeko oztopo berri bat

EH Bilduk gogoratu du ez dela lehen aldia krisi honetan gobernuak gardentasunari oztopoak jartzen dizkiola.

“Gipuzkoan eta Araban egoitzen inguruko informazioa maiztasun gehiagorekin ematen den bitartean, Bizkaian komunikabideen bitartez ari gara informazio hori jasotzen. Horretaz gain, ikusi dugu nola bizkaitar guztiak ordezkatuta dauden Batzar Nagusietan azalpenak eman baino lehen prentsaurreko telematiko baten bitartez eman zituela zenbait azalpen. Krisi honetan ematen ari den gardentasun eza guztiz salagarria da”, adierazi du Ilardiak.

EH Bilduren ustez, gardentasunari eta informazioari jarritako oztopo horiek guztiek asko zailtzen dute krisi soziosanitario honek behar duen elkarlana.