AKTUALITATEA


| 2020-04-29 16:21:00

Aldundiak gaur aurkeztu duen Bizkaia Aurrera plana COVID-19-ak eragindako krisiaren arlo ekonomikora bakarrik mugatzen dela salatu du EH Bildu Bizkaiak.

“Ahaldun nagusiak gaur aurkeztu duen plana neurri ekonomikoetan soilik ditu ardatz, beste eremu guztiak baztertuz”, adierazi du Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiko bozeramaileak. “Ez dago inolako aipamenik garraioari edo lehen sektoreari eta hori oso kezkagarria da. Krisi honen aurrean plan integral baten beharra azpimarratu diogu behin eta berriz eta arlo ekonomikora mugatzen den plan batekin egin dugu topo”, gaineratu du Ilardiak.

COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean EH Bilduk hainbat proposamen egin zizkion Aldundiari arlo guztiei eragiten zieten ekimenekin, ekonomikoak barne. “Hala ere, gaur aurkeztu duen planak ez dio bizi dugun krisiari bere osotasunean erantzuten”.

Hortaz, EH Bildu Bizkaiak bere kezka agertu du krisi berri bati errezeta zaharrekin erantzuten diolako Aldundiak. “Argi daukagu jasaten ari garen eta etorkizunean jasango dugun krisia ez dela soilik ekonomikoa izango. Hori dela eta, plan integral bat eskatu genion eta horren alde lanean jarraituko dugu”, azpimarratu du Ilardiak.