AKTUALITATEA


| 2019-12-10 12:48:00

Gaur goizean, Arrigorriagan, EH Bilduko alkate eta zinegotziek agerraldia egin dute AP-68 errepidean hileko gastu limitea ezar dadin eskatzeko.

Maite Ibarrak eta Itziar Bigurik, Arrigorriaga eta Urduñako alkateak hurrenez hurren, A-8, Supersur eta Artxandako Tuneletan aplikatzen den gastu muga bera eskualdeari eragiten dion errepidean aplikatzea exijitu dute.

Alkate biek gogoratu dute Aldundiak bere eskumeneko diren errepideetan gehienez 30 euroko bidesaria ordaintzeko sistema jarri zuela 2017ko urtarrilean. “Une horretan EH Bilduk Hego Uribeko udaletan eta Bizkaiko Batzar Nagusietan proposatu zuen AP-68 autopista erabiltzen duten bizkaitarrentzat antzeko hobari bat martxan jartzea, baina EAJk eta PSEk ezetz esan zuten Hego Uribeko herritarrak diskriminatuz”.

Alkate biek gogoratu dute abenduaren 5az geroztik AP-68 errepidea Aldundiaren eskumenekoa dela eta orain ez daukatela inolako arrazoirik “diskriminazio egoera horri eusteko”.

Milioi bat euro sistema abian jartzeko eta proposamenak udaletan

Agerraldi berean EH Bilduko kideek jakitera eman dute EH Bilduk milioi bat euroko emendakina sartu duela Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontu proiektuan. Emendakin horren helburua da 2020. urtean sistema abian jartzea.

Horretaz gain gaia eskualdeko udal ezberdinetara eramango dutela jakinarazi dute EH Bilduko alkate eta zinegotziek. Udal ezberdinetan AP-68an gastu muga ezartzeko proposamena egingo dute. Proposamen bera Batzar Nagusietan ere egingo da.