AKTUALITATEA


| 2019-09-18 14:50:00

Aldundiak Pertsona Fisikoen Errentari buruzko Zergan egindako aldaketak ezkutuan egin dituela salatu du EH Bilduk.

Arantza Urkaregi batzarkideak gogoratu duen bezala, “orain arte indarrean zegoen Erregelamenduaren arabera, 300.000€ arteko errenten %50 integratzen zen lan etekin osoan; 300.000€-tik gorakoen kasuan %100”.

Egindako aldaketak 300.000€-ko muga kentzen du eta, ondorioz, zerga horren bitartez bilduko den kopurua nabarmen jaitsiko da”, azpimarratu du Urkaregik.

Ezkutuan egindako aldaketa

Aldaketaren garrantzia kontuan izanda, EH Bilduk argi dauka aldaketa ezin dela egin Foru Dekretu baten bitartez. “Lau lerrorekin bi arau aldatu dituzte. Batzar Nagusiei eztabaidatzeko eta erabakitzeko gaitasuna kendu die”.

Aldundiak inbertsoreak erakarri nahi dituela adierazi du, baina agerian geratu da inbertsore horiek erakartzeko daukaten estrategia bakarra zergak barkatzea dela.

Horretaz gain, egindako aldaketa inolako aurreikuspenik gabe egin dela salatu du EH Bilduk. “Aldaketa onartu egin da inolako txosten ekonomikorik egin gabe. Hau da, ez dakigu zenbat diru gutxiago izango duen Ogasunak behar sozialei aurre egiteko”.