AKTUALITATEA


| 2020-05-14 14:48:00

Aldundiak aurreratu zuen bezala, Bizkaiko herriei ez zaie 2019. urteari dagokion Udalkutxako soberakina bideratuko. Hain zuzen ere, udalek ez dituzte jasoko 26 milioi euro. Erabaki horren aurrean hainbat udalek bere kexa adierazi dute eta azpimarratu dute haien diru-iturri nagusia murrizten dela horrela.

“Bizkaiko Finantza Kontseiluak, Udalkutxaren bitartez, erabaki du dagokizkigun 26 milioi euroak ez ordaintzea. Udalak burujabeak gara erabakiak hartzerako orduan eta ez dugu inoren tutelarik behar”, adierazi du Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak.

Zentzu berean hitz egin du Amets Jauregizar Bakioko alkateak gogoratuz udalak direla COVID-19-ak eragindako krisiaren aurrean hainbat ekimen abian jarri behar dituztenak.

“Krisi soziosanitario honek eragin handia izan du udaletan. Espazio publikoa berrantolatu behar dugu, gure enpresak lagundu behar ditugu eta gure herritarrak babestu behar ditugu. Horregatik orain behar dugu Udalkutxako soberakina”, azpimarratu du Jauregizarrek.

Horretaz gain, udalek bere kezka agertu dute hurrengo urtean gerta daitekeenarekin. Beste herrialde batzuetan gertatu den bezala Udal Finantzaketarako Foru Funtsatik etor daitekeen murrizketak are gehiago zailduko du udalen kudeaketa.