AKTUALITATEA


| 2019-12-23 13:39:00

Zalduondoko Udalak 360.000 eurotik gorako aurrekontua onartzeko asmoa du datorren abenduaren 26an. Arabako Lautadako udalerri txiki horrek gastu gehienak ohiko funtzionamendua ziurtatzeko erabiltzen dituen arren, beste partida garrantzitsu batzuk ere aurreikusten ditu. Horien artean, hiru nabarmentzen dira: hiri Antolamenduko Plan Orokorra egitea –aurten onartuko da –; Udaleko Energia Jarduketarako Plana garatzea -udalerriko etxalde eta sakabanatutako gunetan eguzki-farolak jartzeko eta  ura sareak bereizteko lehen fasea. Baina inbertsio  guztien artean nabarmentzen da bat, Zumarraundiko bidearen konponketa, hain zuzen.

Gustavo Fernandez Villate Zalduondoko alkateak esandakoaren arabera, Aitzgorri-Aratz Parke Naturalerako sarbideari eta Urbiako larreei, orain inoiz baino gehiago, 'irtenbide duin eta iraunkorra emateko benetako aukerak daude'. "Hori dela eta, Zalduondok ere ekarpena egingo du; 11.000 euroko partida aurreikusten dugu, handitu daitekeena, eta beharrezkoa bada, ez dugu kreditu bat eskatzeko aukera baztertzen", berretsi du alkateak.

Zumarraundiko bidea itxita dago, uztailaz geroztik bere egoera tamalgarria dela eta. 185 biztanleko Zalduondo bezalako udalerri baten erabilera gainditzen duen bidea da. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak 2017. urteari buruz emandako datuen arabera, 11.744 ibilgailu eta 36.406 pertsona ibili ziren bide horretan.

Zumarraundiko bidea da Urbia eta Oltza zelaietara ibilgailu motordunarekin sartzeko modu bakarra, eta Arabako eta Gipuzkoako artzainek erabiltzen dute modu erregularrean. Gainera, web orri ugaritan Aizkorri-Aratz Parke Naturalerako sarbide gisa argitaratzen da, bere egoera tamalgarria eta duen arriskua alde batera utziz. Done Jakue Bidea (Ondare der la Humanitatea), Inaziotar Bidea eta Posta Erret Bidea ere badira.

Gipuzkoako Aldundiak jada iragarri zuen bide hori konpontzeko 300.000 euro emateko asmoa, eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 150.000 euroko partida aurreikusi du xede berarekin. Asparrengo Udalak, bidearen zatiak partekatzen dituenak, diru sail bat gorde du, eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoek beren aurrekontuetan erabakitzen dutenaren zain daude. Horregatik, 2020a Zumarraundiko konponketaren urtea izatea espero du Zalduondok.