AKTUALITATEA


| 2019-11-25 10:10:00

Zalduondoko Udalak hurrengo urterako ordenantza fiskalak onartu ditu eta berrikuntzen artean ingurumen-pizgarriak daude. Hobari horiek gutxien kutsatzen duten kotxeei eta zaborreko materia organikoarekin konpost egiten duten etxebizitzei mesede egingo diete.

2020 urtetik aurrera kotxe elektrikoek pizgarriak izango dituzte, batetik energia elektrikoarekin batera metodo hibridoak erabiltzen dituztenak eta, bestetik, kilometroko karbono dioxidoa 120 gramo baino gutxiago igortzen dituztenak. Horiek guztiek Ibilgailuen gaineko Zergan tasaren %20tik %40rako hobaria izango dute.

Era berean, zabor tasaren aldaketari esker, konpost egiten duten etxeetan murrizketa bat izango da. Horren helburua ingurumena zainduko duen hondakinen tratamendu egokia bultzatzea da, baita hondakinen garraio eta gordailuaren kudeaketan gastuak murriztea ere.

Udal langileek edota Udalak baimentzen dutenek etxez etxe ikuskatze bisita bat egingo dute eta hobaria ezartzeko aldeko txostena sinatuko dute beti ere hondakinen bilketa selektiboa egiten bada (papera, beira, ontziak eta sukaldeko olioa) eta etxean bertan edo komunitatean konposta egiten bada.

Zalduondoko alkatea Gustavo Fernandez Villatek azaldu duenez, “herri txikietan ere ingurumena zaintzeko eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan gure ekarpena egin dezakegu eta egin behar dugu”.

Ez da ordea, Zalduondon bide horretan hartutako neurri bakarra. Azken lau urteotan argiteria publikoa aldatu da LEDen ordez, eremu publikoan eguzki kale argiak jarri dira, biomasa ipini da Korta lokal publikoan eta belar-hiltzaileak debekatu dira eremu publikoan. Neurri horiek EVEren aitortza publikoa jaso zuten efizientzia energetikoa eta energia berriztagarriak bultzatzeko Zalduondok duen konpromisoagatik.

Gaur egun, Zalduondoko udalerria, Lautadako beste udalerriekin batera, Energia Jarduketa Plana egiten ari da. Bertan jasoko da, besteak beste, eraikin eta ekipamenduen inbentario energetikoa, parke mugikorra, argiteria publikoa, kontsumoen gaineko kontrola eta langileen formakuntza.