AKTUALITATEA


| 2019-11-14 10:06:00

Javier Argote Arabako Batzar Nagusietako EH Bildu taldeko batzarkideak osteguneko Lurralde Orekako Batzordean salatu duenez, aurreko hiru legegintzaldietan hiru ponentzia egin dira Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsari buruz, inolako aurrerapenik gabe.

Argotek deitoratu duenez, ponentzietako parte hartzea "guztiz errepikakorra" izan da, tartean dauden eragileak hainbat aldiz pasatu diren arren. "Ponentzia bakoitzean funtsean aldatzen ez diren ondorioak atera dira; antzeko ondorioak dira", salatu du. Halaber, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Arauaren buruzko beste ponentzia bat egiteak beste legealdi bat galtzea esan nahi duela uste du -edo, gutxi gorabehera, bi urte-, dagoeneko mahai gainean dauden ondorio berdinetara iristeko.

Ildo horretan, gogorarazi du bai kontzejuek, udalek eta bai kuadrillek, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Arauaren hartzaileak izanik, "argi eta garbi" adierazi dituztela funts horren bidez finantzatzeko dituzten beharrak. "Bada garaia Arabako kontzejuek planteatutako proposamenei erantzuna emateko, haiek ordezkatzen dituen elkartearen bidez, haiek eskatutako beste finantzaketa-modu batzuk arautuko dituzten arau berriak aurkezteko -udal zergetan parte hartzea, kontzeju lurretatik zerbitzuak pasatzeagatik tasak ezartzea … -", gaineratu du Argotek.

"Ez ditugu ponentzia berriak behar, baizik eta Foru Aldundiko exekutiboa lehenbailehen lanean jartzea, Batzar Nagusi hauetan Tokiko Erakundeak Finantzatzeko Foru Arau Proiektu bat aurkezteko. Foru Arauaren proiektu honek Batzorde honetan egindako aurreko txostenetan ateratako ondorioak jaso behar ditu ", esan du. “Ezin dugu itxaron”, ondorioztatu du.