AKTUALITATEA


| 2019-11-27 13:31:00

EH Bilduk Subijanan gasa ustiatzeko proiektua behingoz bertan behera utz dezaten eskatu dio gaur Eusko Jaurlaritzari zein Gasteizko Udalari. Izan ere, gaur argitaratu du Espainiako Gobernuak Armentia 2 proiektuari buruzko ingurumeneko inpaktuaren azterketa eta argi berdea ematen dio egitasmoari hainbat afekzio onartu arren. Baina, Mikel Otero legebiltzarkideak azpimarratu duenez, “oso larria da larrialdi klimatikoa deklaratu berri dugulako eta behin eta berriz, Arabako jendarteak argi utzi du ez duela jarraitu nahi hidrokarburoen bidetik eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiten duela”.

Egoera honen aurrean, Eusko Legebiltzarrean SHESAren disoluzioa eskatzen duen ez legezko proposamena aktibatuko du EH Bilduk. Baina, egitasmo zehatz hau bertan behera uzteko pilota Gasteizko Udaletxean dago berari dagokiolako une honetan jarduera zein lan lizentziak ematea. Eta Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrak argi esan du eremu horretan ezin dela gasa ustiatu eremu babestua delako bere natura eta baso-baloreengatik. “Gasteizko Udalak ere larrialdi klimatikoa deklaratu du eta behin eta berriz esan du ez erregai fosilei, horregatik eskatuko diogu Udal Gobernuari baimenik ez ematea egitasmo horri”, azaldu du Amancay Villalba Gasteizko zinegotziak.

Esan bezala, gaur argitaratu da Espainiako Buletin Ofizialean ingurumeneko inpaktuari buruzko ebaluazioa eta positiboa da. Hala ere, azterketak berak aitortzen ditu hainbat afekzio: aire kalitatean aldaketak, metano isurketak, zarata igorpen handitzea, animalien desplazamenduak eta argi inpaktua, besteak beste. Hala ere, EH Bilduren ustez, egoera zeharo aldatu da larrialdi klimatikoa ez delako horrelako proiektu batekin bateragarria.