AKTUALITATEA


| 2019-07-18 11:52:00

Uztailaren 18 honetan Franco jeneralak ezarritako legezkotasun errepublikarraren kontra gidatutako kolpe militarrak 83 urte betetzen ditu. Aipatu altxamendua gerra zibil eta, ondoren, lau hamarkada luzez iraungo zuen diktadura tragiko bilakatu zen. Denbora horretan zehar, milaka lagunek errepresioa jasan zuten arrazoi ideologiko, politiko edota erlijiosoengatik, baita bere afektibitate edo sexu orientazioagatik zein genero nortasunagatik ere.

 

Gaur egun ere ezinezkoa da estatu osoko zein Arabako errepresioaren argazki osoa egitea. Gogora institutuak egin berri duen txostenaren arabera, bakarrik 1936-1945 bitartean Araban  60 lagun hil ziren bonbardaketetan, 198 judizioz kanpoko exekuzioetan, 30 exekuzio sumarisimoetan eta 289 espetxean. Pertsona horiek guztiak gizateriaren kontrako krimenen biktima izan ziren. Haiei gehitu behar zaizkie borrokan hildako beste 593 miliziano. Hori guztia errepresioaren bestelako adierazpenak jasan zituzten milaka lagunak ahaztu barik: konfiskazioak,  espetxealdiak, torturak, lan-batailoiak…

 

83 urte igaro eta gero, ez dugu Araban izandako errepresioaren argazkia osatzerik izan.  Baina are larriagoa da ikustea nola berpizten ari diren 83 urteren ostean ultraeskuinaren indarrak, demokraziaren kontrako balioak edota matxismoan zein homofobian oinarritutako jarduerak haizatzeko… Gainera, ultraeskuinaren berpizkunde horrek eragin du beste alderdi batzuk ere eskuinaren muturreko jarreretara mugitzea.

 

Baina zigorgabetasunaren kontrako borroka aurrera doa. Gasteiz izan zen estatuko lehen hiria Marti Villa pertsona non grata izendatzen eta Martin Villa gizateriaren kontrako krimenengatik epaitzea eskatzen duen “Martin Villa epaitu” ekimenarekin bat egiten. Gainera, Martin Villa Servini epaileak kereila argentinarrean inputatutako 22 pertsonetatik bat da. Estatu espainiarretik kanpo abiarazitako ekimenak babestu egiten ditugu, baina azpimarratu nahi dugu toki epaitegietan gizateriaren kontrako krimenengatik diktadurari aitzi kereilak bideratzeko premia. Horrexegatik, Arabako Foru Aldundiko Gobernuari exijitzen diogu emandako hitza bete dezala eta, Arabako Batzar Nagusiek onartutako mozioa betetze aldera, kereila bat aurkeztu dezala Frankismoaren Biktimen Bulegoak jasotako 146 lekukotzak oinarritzat hartuta.

Bat egiten dugu Memoria Historikoaren Legea arautzeko Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearekin, eta txalotu egiten dugu Muñecas kapitainaren kontra Gipuzkoko epaitegietan salaketak jarri dituzten lagunen ausardia, baita Madrilen instrukzio-epaitegi batek gizateriaren kontrako krimenen testuinguruan hainbat pertsonen kontra (besteak beste,  Antonio González Pacheco, Billy el Niño) tortura delituengatik kereila kriminal bat izapidetzea onartu izana ere. Baina Espainiako botere judizialak oraindik ere lotura sakona dauka diktadurarekin; izan ere, Auzitegi Gorenak Francoren gorpuzkinak Erorien Haraneko hobitik ateratzea geldiarazi du.

Aparteko aipamena merezi du Eliza Katolikoaren hierarkiak. Francok paliopean Gasteizko Katedral Berria inauguratu zuelako 50 urte betetzen diren honetan, Vatikanoko nuntzioak kargua utzi du esanez Francoren gorpuzkinak Erorien Haranetik ateratzea hura berpiztea dela. Horratx Vatikanoko diplomazia.

Hau guztia dela-eta, 83 urte igaro eta gero, jarraitu behar dugu biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa eskatzen, baita ez errepikatzeko bermea ere.

Gerra eta diktadura frankistari buruzko egiak eskatzen du beharrezko baliabide publikoak bideratzea errepresioaren memoria historikoa berreskuratzearren.

 

Justizia da toki epaitegietan diktadurari aitzi kereilak ahalbidetzea gizateriaren aurkako krimenengatik, dagoeneko hainbat herrik (Iruñea, Elgeta, Bergara, Durango edota Eibar, esaterako) egin duten moduan. Justizia ere bada diktaduran izandako epaiketa guztiak baliogabetzea.

 

Erreparazioa biktima guztientzat, euren kaltegilea edota jasandako bidegabekeria edozein izanda ere; horrek eskatzen du errepresaliatu guztiek kalteordainak eta erreparazioa jasotzea eta desagertutako pertsonen identifikazio genetikorako baliabide publikoak bideratzea,  duintasunez hilobiratu ahal izateko.

 

Ez errepikatzeko bermeak, giza eskubideen urraketa sistematikoak eragin zituzten gertaerak berriro errepikatu ez daitezen.

 

Horrexegatik, 83 urte igaro eta gero, adierazpen hau sinatzen dugunok indar desberdinen eta herri bulkadaren arteko lankidetzaren ondorioz sortutako borondate errepublikar hark ordezkatzen zituen balioak berresten ditugu. Altxamendu militarrak eta diktadurak zapuztu zuten gizarte justuago baten eraikuntzari ekin zioten lagunen lekukoa jaso nahi dugu. Askatasunarekin egin zuten amets, eta balio aurrerakoien alde (gizon eta emakumeen berdintasuna, irakaskuntza publikoa, bakea, langileen etorkizuna, gizarte eskubideak, guztion ongizatea, Estatu eta Eliza Katolikoaren arteko bereizketa, elkartasuna…) egingo zuen gizarte baten oinarriak ezarri zituzten. Balio haiek bizirik diraute gaur egun ere. Horrexegatik,  83 urte igaro eta gero, herritar orori dei egiten diogu guztiontzako etorkizun hobe baten eraikuntzan aritzera, Araba justuago, jasangarriago, solidarioago, anitzago eta feministago baten alde. Zeren-eta, posible ez ezik, beharrezkoa ere baita.