AKTUALITATEA


| 2019-11-03 12:04:00

Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduren Arabako hautagaia  Bastidan izan da gaur. Bertan, datorren igandean, azaroaren 10ean, arabar subiranista eta ezkertiar guztiek hautetsontziak Euskal Herria Bildurentzako bozkekin betetzera animatu ditu.

Arabako hautagaiak EH Bildu fidatzekoa dela aldarrikatu du, esaten duena betetzen duelako eta euskal gizartearekin konpromisoa hartzen duelako Madrilen Euskal Herriari herri gisa dagokion erabakitzeko eskubide demokratikoa defendatu eta aldarrikatzen duelako. Ildo beretik, Ruiz de Pinedok gainerako alderdiei galdetu die ea interes alderdikoien gainetik ere berdina egingo duten, "Hemendik interpelazioa egin nahi diet gainerako euskal alderdiei eta, batez ere, erabakitzeko eskubidea defendatzen dutela diotenei: zalantzarik eta kalkulu alderdikoirik gabe defendatuko al duzue Euskal Herriari dagokion erabakitzeko eskubide demokratikoa? EH Bildun argi daukagu: bai, egingo dugu".

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea Arabako hautagaiarekin batera izan da gaur goizean Bastidan, eta, bertan, EH Bilduren hautagaitzen balioak eta horiek defendatzeko beharrean sakondu du: "Azaroaren 10ean, pertsona bikain bat eta Arabatik irten daitekeen ordezkaririk onena Madrilen egotea egongo da jokoan. Iñaki Ruiz de Pinedo Madrilera eramatea lortu behar dugu. Eta lortuko dugu, ez daukat inolako zalantzarik. Baina, horretarako, boto independentista eta ezkertiar bat ere  ezin da etxean geratu. Arabako demokrata eta aurrerakoi guztiek jakin behar dute zer dagoen jokoan, eta horren arabera botoa erabakitzera animatzen ditut".

Oterok bezala, Ruiz de Pinedok ere defendatu du estatuko indar subiranistek baldintzatutako gobernu batek bakarrik ekar dezakeela berekin aldaketa. "Katalunian eta Euskal Herrian martxan jarritako prozesu subiranisten arteko batasunak bakarrik egin diezaioke aurre 78ko Erregimenari. Espainiako alderdi bakar bat ere ez da konponbidearen parte, arazoaren parte dira, Espainiaren batasuna demokraziaren aurretik jartzen dutelako. Horregatik ukatzen diete herritarrei hitza, eta horregatik uste dute delitua dela hautetsontziak jartzea. Horregatik, garrantzitsua da azaroaren 10ean bozkatzera joatea, inor ezin baita etxean geratu, gu ez bagoaz, haiek irabaziko dutelako ", adierazi du Arabako hautagaiak.