AKTUALITATEA


| 2020-05-02 08:26:00

EH Bilduk mozioa erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan Mugikortasun eta Bide Azpiegituren Sailak ekainaren 30a baino lehen kudeaketa plan bat aurkezteko. Mozioan foru garraio kolektiboan gidari zein erabiltzaileen osasun protokoloak egokiro betetzeko neurriak bermatzea eskatu du EH Bilduk. Gainera, inbertsioak galdatu ditu foru garraio kolektiboak pandemiaren aurretik zeukan erabiltzaile kopuruari eusteko eta ahal den neurrian handitzeko.

Iñaki Ullibarri batzarkideak eskatu duenez, sail honek komunikazio kanpaina zabala abiatu behar du herritarrei Foru garraio kolektiboan ezarritako osasun protokolo berriak jakinarazteko. Horretaz gain, Arabako Batzar Nagusiek mugikortasunaren arloan ere Espainiako Gobernuak ezarritako berzentralizazio politika deitoratzeko premiaa aldarrikatu du.

“Arabako Foru Aldundiak azkar jokatu ezean, azken urteotan bidaiarien foru bus lineek lortutako zabalpen txukunean izugarrizko atzerakada eta iaz martxan jarritako eskaripeko garraioaren eredu berriaren heriotza etor daitezke”, gaitzetsi du Ullibarrik. 

Gaineratu duenez, datozen aste, hilabete eta urteotan esfortzuak biderkatu egin beharko dira Arabako garraio publikoaren erabileraren beherakada hori gerta ez dadin eta gertatzekotan, ahalik eta txikiena eta motzena izateko. Izan ere, garraio publiko horren alternatiba ia bakarra ibilgailu pribatua da Araban.

Amaitze aldera, EH Bilduren ustez, lehenik eta behin osasun protokolo guztiak egokiro betetzen eta beteko direla bermatu behar du Foru Aldundiak, aldi berean konfiantza transmitituz orain arteko erabiltzaileei ez ezik, arabar guztiei. Horrekin batera, datozen hilabeteetan inbertsioak egiteko beharra azpimarratu du Ullibarrik.