AKTUALITATEA


| 2020-02-17 10:51:00

Arabako lurraldearen %32a nekazaritzara bideratuta dago  eta, ordea, landa-eremua krisi egoeran da, sektorearen batez besteko adina 55 urtekoa izanik. Urtetik urtera, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak, baserriak eta upeltegiak desagertzen ari dira, eta lurra gero eta esku gutxiagoren menpe dago. Hori dela eta, EH Bildu-k sektorearen etorkizunari buruzko eztabaida sakona bultzatu nahi du, eta, horretarako, Europako eta Ipar Euskal Herriko beste esperientzia batzuei begiratzea erabaki du. Izan ere, leku horietan uzteak bertan behera gelditzea lortu dute, eta, aldi berean, duintasuna itzuli diote sektoreari.

"Funtsezkoa da administrazioak inplikatzea, baina gizarteak ere kontzientzia hartu behar du ohiturak aldatzearen, tokian tokikoaren alde egitearen eta larrialdi klimatikoari eta eredu industrialari aurre egitearen garrantziaz", nabarmendu dute Kike Fdez de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabek. Are gehiago, EUATAT-en datuen arabera, Araban bakarrik, 13 urtean 1.400 nekazaritza ustiategi eta 370 abeltzaintza ustiategi desagertu dira. Bide horretan, proiektu ekonomiko, sozial eta ekologiko zabalago baten eskutik joan behar duen nekazaritza iraunkorra martxan jartzeko beharra nabarmendu dute.

Hain zuzen ere, Ipar Euskal Herrian Euskal Herriko Laborantza Ganbara abian jartzea lortu dute, non nekazaritza, ekonomia eta gizarte arloko eragileak batu dituzten, tokian tokiko eta elikadura politika ezberdin bat sortu eta elkarrekin garatzeko. Bitartean, Europako Parlamentuan Nekazaritza Politika Bateratu berria eztabaidatzen ari dira, eta murrizketak aurreikusten dituzte orain sektorera bideratzen diren laguntzei dagokienez. Hori dela eta, EH Bilduren ustez, beharrezkoa da lehen sektoreko eta landa-inguruneko pertsonekin egoeraz hausnartzea, baita ideia eta proposamen berriak mahaiaren gainean jartzea eragile sozial eta politikoen premiak eta mehatxuak aztertuz.

Helburu horrekin, Jose Bovek eta Mixel Berhokoirigoinek lan jardunaldiak egingo dituzte datozen egunetan Gasteizen. Lehena europarlamentaria eta nekazaritza sindikalista da, eta lehen eskutik ezagutzen du Europako nekazaritza politika. Bigarrena Euskal Herriko Laborarien Batasunaren eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararen bultzatzaileetako bat da.